Egokitzapenak eta hobekuntzak egiten ari da Astigarragak landa eremuko hainbat bideetan. Mendiolan, Etxekuenen, Larrabide eta Guardi baserrien artean eta Manixene bidean burutuko dira, besteak beste.

Esaterako, Mendiola inguruan egokitzapen ugari egin dira eta dagoeneko amaituta daude. Egoera txarrean zeuden elementuak berritu dira eta ingurua txukundu da: aska txukundu da eta goiko belardia taluzatu. Ur-hartunea askara eraman da edateko ura egon dadin.

Intxaurrondoaren inguruan metro bateko horma bat eraiki da zuhaitza babesteko. Hasierako ezpondaren ondoan zintarri bat jarri da errepidea luizietatik babesteko. Eskailerak ere berregin dira, ubidea bideratu da eta, azkenik, eremua asfaltatu da. Lan hauek 48.378,37 euroko aurrekontua izan dute.

Etxekuenen, Txoritokietako bidean, hilerritik gora ezkerretara, errepidea zeharkatzen zuen hormigoizko hodi bat zegoen bertan. Baina hodiaren diametroa nahikoa ez zenez, urak gainezka egiten zuen. Horregatik, funtzio bera duen hodi handiago bat sartu da. Obra horiek amaituta daude. 10.000 euroko aurrekontua izan dute eta Sasoi Eraikuntzak egin ditu.

Bestalde, Larrabide eta Guardi baserrien artean, errepidea zartatzen ari zen. Udala eremua aztertzera joan zenean, bertako eskoilera ezegonkortzen ari zela ikusi zuen. Hori dela eta, eskoilera berria egingo da eta errepidea berriro asfaltatuko da. Bizpahiru astetan amaitzea aurreikusten da. Lanek 30.000 euroko aurrekontua dute.

Azkenik, Manixene bidean errepidea zartatua dago, eskoilera bat egin behar da eta errepidea berriz asfaltatu. Bestalde, urak ondo bidera-tzeko bide bat eraikitzea aurreikusten da. Aurrekontua 35.517,23 eurokoa da, eta obrak esleitzeko daude.