Urtebeteren ondoren heldu dira beste behin Goierriko herria alaitu eta festa giroz janztera Legorretako Azintzio Jaiak. Suziriaren jaurtiketak adierazi zuen jaien hasiera atzo. Legorretako Arregi Okindegiko ordezkariek bota zuten. Ondoren, Pikua udaletxeko balkoian jarri zen, eta bertan izango da jaiak amaitu bitartean. Puxikak, goxokiak eta abar ez ziren falta izan festetako lehen egunean. Erraldoiak eta buruhandiak ere bertan izan ziren.

Bertso erronka izan zen jaien hasierako beste protagonistetako bat. Oihana Arana, Odei Lopez, Aitor Sarriegi eta Ane Zuazubiskar bertsolariek parte hartu zuten; gai-jartzailea, aldiz, Aizpea Garmendia izan zen. Azkenik, lagunarteko afariaz disfrutatu zuten legorretarrek; eta elektrotxarangak, jarraian, herriko bazterrak musikaz bete zituen.

Gaur, festetako bigarren egunari aurre egingo diote Legorretan. Erraldoiak eta buruhandiak, dultzaineroez lagunduta izango dira 13.00etan. 18.15etik aurrera, berriz, Azin-tzio Eguneko Euskal Erromeriaren txanda izango da. Udaleko eta herriko eragileetako ordezkarien soka dantza, herriko Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia, eta sagardo dastaketa eta txorizo jatea izango dira eguneko programaren zati gaur. Gero, 20.00etan batukada egongo da, eta 23.00etan helduen danborrada. Joselontxos txarangak emango dio bukaera jaietako bigarren eguna denari.

Bihar, hilaren 19an, haur jolasak izango dira 11.30etik 14.00etara. Herriko jubilatuek ere eurentzako jolasak izango dituzte; konkretuki, pote, igel eta toka txapelketa jokatuko dute. 14.30ean, herri bazkaria izango da Kale Nagusian, Iraunkorrak txarangak alaituta. Euria egiten badu bazkaria kiroldegian egingo da. 18.00etan haurren playback saioak lapurtuko du legorretarren atentzioa, eta 23.00etan helduenak. 1.00etan Dj Bullen emanaldiarekin dantza eta abestu egin ahalko da.

Azintzio Jaietako lehenengo larunbata Mozorro Eguna da. Txakolin dastaketa, 13.00etan, XXXIX. Paella Txapelketa 14.00etan, eta 14.30ean lagunarteko herri bazkaria izango dira. Egun guztian zehar mozorroak izango dira protagonista nagusi. Gauean, musika kontzertuen txanda izango da, Dupla eta Trikidantz taldeen eskutik, plazan.

Igandean, 13.00etan, Peru kokodriloa haurrentzako musika ikuskizuna izango da, Kantu Kolore taldearen eskutik, plazan. Euria egiten badu, antzokian egingo da emanaldia. Arratsaldean, 18.30ean, Legorretako alebin eta benjamin mailako pilotariak, eta emakumezko profesionalen arteko pilota jaialdia izango da, udal pilotalekuan. Azkenik, Pikuaren ehorzketa izango da, 20.30ean.

Corpus Christi

Ekainaren 10ean, larunbatean, XLIII. Corpus Christi krossa izango da. Lehenengo haurren txanda izango da, 10.30ean, eta ondoren, helduena, 11.30ean. Arratsaldean, XXXII. Ardo Dastatze Txapelketa izango da, eta Udalak ardoa eskainiko du herritar eta bisitari guztientzat. Usadiozko meriendak ere izango dira.