Doako bisita gidatuak Urretxu eta Zumarragako ikastetxeentzat, tailer zientifikoak eta txangoa, besteak beste, Urrelurren museoen eguna ospatzeko

Bisita gidatuak maiatzaren 15etik 19ra izango dira, aldez aurretik hitzordua eginda. Hitzordua posta elektronikoz (urrelur@urretxu.eus) edo telefonoz (943 038 088) egin daiteke.

Tailer zientifikoak, berriz, maiatzaren 18an izango dira, 17.00etatik 19.00etara. 6 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Doan izango dira. Izen-ematea ostiralean ireki zen eta maiatzaren 15ean itxiko da.

Lau tailer egingo dituzte: elur artifiziala, sua eskuan, lur mugikorrak eta burbuila erresistenteak.

Lehenago, maiatzaren 13an, txango mineralogikoa egingo dute. Oiasso-Irugurutzetara joango dira, erromatar inperioaren aztarnen bila. Goizean, Oiasso museoa bisitatuko dute eta ondoren erromatar galeria bat eta Irugurutzetako minerala erretzeko labeak. Bisita gidatuen ondoren, Ingelesaren Gaztelutik gertu bazkalduko dute. Bazkalostean, meatzaritzak iraganean Irun ta Oiartzun arteko mendietan sortu zituen hondakindegietara joateko aukera izango dute. Toki estrategikoak dira erromatarren garaitik.

Autobusa 8.30ean irtengo da Urretxuko Iparragirre plazatik eta 19.45ean itzuliko da Urretxura. Helduek 41 euro ordainduk dute, autobusa, gida, meategira sarrera eta bazkaria barne. 2007tik 2016ra jaiotakoek (biek barne), 31 euro ordainduko dute. Horiek ezinbestez heldu arduradun batekin joan behar dira. Txango honetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 11 baino lehen izena eman behar dute urrelur@urretxu.eus helbide elektronikora idatzita.

Antolatzaileek hainbat gomendio egin dizkiete txangoan parte har-tzeko asmoa dutenei: hamaiketakoa eta edaria eramatea, eguraldi iragarpenari erreparatzea, arropa egokia eramatea (mendiko arropa, botak, sira, aldatzeko arropa, txanoa eta txaleko horia) eta aleak jasotzeko materiala eramatea (mailua, zinzela, poltsa, egunkari papera, motxila, argazki kamera...).