Jesus Mari Martiarenak, Lezoko gaur egungo alkateak eta datorren legegintzaldirako EAJ/PNVko alkategaiak azpimarratu zuenez, “asko egin da eta asko dugu egiteko”.
Eider Mendozaren, diputatu nagusirako hautagaiaren, babesa jaso zuen eta azaldu zutenez, datorren lau urtetarako hautagaitzako taldea “sendoa” da eta “konpromisoa, esperientzia eta berritasuna uztartzen ditu”, “herritik sortua, lezoarren beharrei erantzun nahi diena”.
Laura Martinezek, hautagaitzako bigarrenak, jeltzaleen eredua azaldu zuen: “gizarte babesean, ekonomiaren garapenean eta ongizatean azpimarra jarrita garatu dugu Lezo”. “Oparoa ekonomikoki, abegitsua eta eskuzabala, herritar guztien ongizateaz arduratua, kulturalki bizia, euskaltzalea, berdinzalea eta aldaketa klimatikoaren erronkari eran-tzun nahi diona, hau da gauzatzen ari garena”, gaineratu zuen.
Gogorazi zuenez, “Arraitoki lortu dugu herriarentzat, orain bertan gizarte proiektuak bultzatuko ditugu; auzoak berritu; gazteentzako etxebizitzak bultzatu; osasun-azpiegitura berriak, hala nola anbulatorioa; aparkaleku arazoari aurre egin; pertsonei lagundu, gizarte zerbi-tzuak sendotuz; eta lurraldea eta ingurumena hobetu. Hauek dira gure nahiak, gure egitasmoak”. Aurreratu zutenez, horietaz hitz egingo dute datozen astetan eta programa aurkeztuko dute.
Azkenik, Mendozak Martiarenak azken bi legealditan Lezoko Udalean egindako lana balioan jarri zuen eta bere kudeaketarako gaitasuna eta lankidetzarekiko borondatea azpimarratu zituen. Izan ere, diputatu nagusirako hautagai jeltzaleak anekdota bat kontatu zuen: “Martiarena izan da ni Foru Aldundian nagoenetik gehien deitu duen alkatea”, erakundeen arteko elkarlanean sinisten duenaren seinale.