Egun hauetan memoria historikoa izango da protagonista Urola Erdian. Alde batetik, prest eta ikusgai dago Loiolan Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean, memoria historikoaren dibulgatu eta ezagutarazteko helburuz sortutako Eusko Gudarostearen oroimenerako osatutako proiektu museografikoa. Beste aldetik, Azkoitian Gerra Zibilari eta frankismoaren errepresioari lotutako bi hitzaldi izango ditugu hurrengo astetan. Lehena bihar ospatuko da eta bertan Jabier Buces historialariak “Azkoitia 1936-1959. Giza Eskubideen Zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian” gaia jorratuko du. Bigarrena, berriz, apirilaren 25ean izango da. Jone Zuloaga historialariak eskainiko du eta emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean izango du hizpide.

Loiolako gune museografikoa Eusko Gudarostearen historiaren sorrera ezagutarazteko sortu dute elkarlanean Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. 1936ko abuztuan Loiolan bildu ziren lehen aldiz euskal miliziak Candido Saseta buru zutela altxamenduari aurre egiteko. Bertan sortu eta gidatu zuen Asteasu, Aduna eta Zizurkil arteko defentsa lineara.

Memoriaren gunea oroigarriak saltzeko hutsik zegoen etxolan jarri da. Honi esker, bai herritarrek eta bai bisitariek Euskal Herriko memoria historikoaren inguruko pasarte garrantzitsu baten berri jasotzeko aukera izango dute. Proiektua Aranzadirekin 2014. urtetik Udalak duen elkarlanaren baitan egin da.

1936tik gaur arte Azpeitian edo azpeitiarrei egindako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa egina dute “historiari izen-abizenak jartzeko ahaleginean”. Ez da lehenengo aldia Eusko Gudarostea protagonista dela memoria historiakoa berreskuratzeko egitasmo honetan. Bere sorreraren 80. urteurrenean, Loiolan bertan oroimen ekitaldia antolatu zen eta historia biltzeko liburua ere argitaratu zuten.

Erreparazioa

Azkoitian, berriz, Udalak Gerra Zibileko eta diktadura frankistako memoria historikoa berreskuratzeko lanketa egin zuen iaz, aldi hartan urratutako giza eskubideak ezagutzera emateko asmoz. Lanketa Aranzadi Zientzia Elkarteak garatu zuen, eta ikerketa lanaren harira, lehen aipatutako bi hitzaldi eskainiko dira apirilaren 18an eta 25ean. Lehenengoa Jabier Buces historialariak emango du “Azkoitia 1936-1959. Giza Eskubideen Zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian” izenburupean. Bigarrena apirilaren 25ean izango da, Jone Zuloaga historialariaren eskutik. Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean izango du hizpide. Hitzaldiak 19.00etan izango dira Elkargunean.

Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat artxibo ikertu ditu eta herritarren testigantzak ere jaso ditu Azkoitian eta azkoitiarrei gertaturikoa ezagutzeko, “biktima guztiek dutelako egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, baina horretarako”-adierazi du Azkoitiko Udalak-“ezinbestekoa da aurretik gertaturikoa jakitea eta egia bila-tzea. Ikerketaren eta hitzaldien bidez, gertatutakoaren egia zabaldu nahi da memoria kolektiboan txertatzeko”.