Síguenos en redes sociales:

Getariako Literatura lehiaketarako epea jada irekita

Idazlanak Getariako Udaleko bulegoetan edo Udal Liburutegian aurkez daitezke, asteartera arte

Getariako Literatura Lehiaketan lanak aurkez daitezke jada. Bi modalitate izango dira maila bakoitzean: ipuina eta bertsoa edo olerkia eta mailak hauek izango dira: LH3koa, LH4koa, LH5ekoa, LH6koa, 12-14 adin tartekoa, 14-16 adin tartekoa eta 16 urte baino gehiagokoa.

Gaia librea izango da eta jatorriz euskaraz idatziak izan beharko dira. Originalak, argitaratu gabekoak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan behar dira. Neurriari dagokionez LH3 eta 4koek orri batekoa izan beharko da (bertso edo olerkian zortzi lerro edo bertso bat).

LH5 eta 6ko haurrek bi orriko ipuina egin beharko dute (bertso edo olerkian hamar lerro edo bertso bat). 12-14 adin tartekoek 2-5 orrialdeko ipuina egin beharko dute (bertso edo olerkian hamabi lerro edo bi bertso). 14-16 adin tartekoek 3-6 orriko ipuina (20 lerro edo hiru bertso) eta 16 urte baino gehiago dituztenek 4-10 orriko ipuina entregatu beharko dute (bertso edo olerkian 35 lerro edo bost bertso). Idazlanak asteartera arte (20.00) entregatzeko aukera dago Udaleko bulegoetan edota Udal Liburutegian. Informazio gehiago lor daiteke www.getaria.eus webgunean.