Oiartzunek Landetxe eraikina inauguratu du Oiartzunek asteburu honetan eta 1.500 herritarrek bisitatu dute. Zazpi urteko proiektuaren ostean, nabari zen jendearen ilusioa eta poza.

Inaugurazio ekitaldiak ostiral arratsaldean hasi ziren. Jexux Leonet alkateak eta Eneritz Arbelaitz alkateordeak eman zieten ongietorria aretoan bildu zirenei. Esker hi-tzak izan zituzten proiektuan parte hartu duten guztientzat: ekarpenak egin dituzten herritarrentzat, martxan egon diren parte-hartze prozesuetan parte hartu duten elkarte eta eragileentzat eta eraikina errealitate bihurtzeko lan egin duten udal langile guztientzat.

Leonetek eta Arbelaitzek gogorarazi zutenez, 2016an hasi zen urte luzez amestutako espazioa hezurmamitzen. Oiartzunek zituen behar estrategikoak aztertu zituzten eta lau lehentasun identifikatu zituzten: kultur aretoaren beharra, zahartze aktiboa sustatzeko jubilatuentzako egoitza berria, euskara indartu eta eragile guztiak elkartuko zituen espazioa eta gizarte zerbitzuak eta zaintza erdigunean jartzeko azpiegitura egokiak.

Lau lehentasun horiek izan dira Landetxe sortzeko oinarria, eraikinaren lau zutabeak: ongizatea, kultura, euskara eta adinekoak.

Adierazi zutenez, obra eta eraikina bera baino garrantzitsuagoa izan da Udalarentzat proiektu osoa herritarrekin elkarlanean definitzea. Horretarako arloz arlo martxan jarritako parte-hartze prozesuak “emankorrak eta aberatsak” izan direla esan zuten. Egunarekin amai-tzeko, herriko artisten eta sortzaileen emanaldiak egon ziren.

Larunbatean, ate irekien eguna izan zen eta ehundaka pertsonek ezagutu zituzten etxe berriko txoko guztiak. Udal zinegotziak egon ziren orain arteko prozesuaren eta etorriko denaren azalpenak ematen.

Eraikineko korridore denak jendez lepo egon ziren. Normalean itxita egongo diren zenbait gune ere ezagutzeko aukera izan zuten hurbildu zirenek: kamerinoak, kontrol gela, aldagelak, artisten erabilerarako bakarrik izango diren tokiak… Auditorioko oholtza gainera igo eta argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten askok. Aretoko harmailak ireki eta jasotzeko sistemak ere jakinmin handia sortu zuen.

Azkenik, inaugurazio ekitaldiekin amaitzeko, gaur eta bihar LHko 3. mailatik 6. mailaraino herriko haurrek izango dute eraikina bisitatzeko aukera. Landetxeko sekretu guztiak kontatuko dizkie Lur Kortak.