Ikusi Makusi antzerki taldean zuzendari lanak egiten ditu Asun Arzuaga oñatiarrak, 2005. urtean Oñatiko Bake Leku jubilatuen elkartearen baitan sortu zutenetik. Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, gogotsu ekin zioten iaz ohiko jarduerari eta geroztik astelehenero elkartzen dira entseguak egiteko. Guztira hamar lagunek osatzen dute antzerki taldea, 65 urtetik 92 urtera bitartekoak. Asunek azaldutakoaren arabera, azken urteotan, taldekide berriak sartu dira, gazteagoak, eta horrek aire freskoa ekarri du. An-tzerkia berarentzat zer den galdetuta, Asunek argi dauka aktibitate bat baino gehiago dela, izan ere, elkartzeko, ondo pasatzeko eta aktibo egoteko aitzakia paregabea da berarentzat.  

92 urterekin Oñatiko Ikusi Makusi antzerki taldea zuzentzen duzu. Dagoeneko, 18 urte daramatzazu talde honetan. Betidanik izan duzu antzerkiarekiko zaletasuna? 

–Gure etxean beti izan dugu kulturarekiko lotura handia. Aita musikaria zen eta solfeoa erakutsi zigun txiki txikiak ginela. Letrak irakurri baino lehen, notak irakurtzen ikasi nuen. Literaturarekiko zaletasuna ere hasieratik sustatu zigun, eta ipuin klasikoak kontatzen zizkigun haurrak ginela. Antzerkiari dagokionez, eskolan nintzela, urtero hartzen nuen parte antzerki emanaldian. Gaztetan, berriz, Acción Católica taldeko kide izan nintzen eta bertan ere antzerkian ibili nintzen. Gero, ezkondu eta ama izan nintzen, eta antzerkia alde batera utzi nuen. Alargun gelditzean, berriz, erabaki nuen Ikusi Makusi antzerki taldean sartzea.

Gogoratzen duzu antzeztu zenuen lehen obra?

–Ez dakit antzeztu nuen lehen obra izan zen, baina bereziki daukat gogoan Calderón de la Barcaren Autos sacramentales antzeztu genuenekoa, oso obra serioa zen.

Umorea ala drama, zer nahiago duzu?

–Ikusi Makusi antzerki taldea osa-tzen dugunok umorezko lanak nahiago ditugu, izan ere, jendearen barreak eragiteak gozamen handia ematen digu. 

Non eskaini ohi dituzue zuen an-tzezlanak? 

–Jubilatuen etxean, egoitzetan, mojen komentuan... Oso polita da ikustea zein ondo pasatzen duten. Mojengana joan ginen azkeneko aldian, adibidez, gabonetako oparirik onena izan ginela esan ziguten.  

Antzerkiaz gainera, zerk ematen dizu poza?

–Nire ingurukoak ondo, osasuntsu egotea, eta konpainian egotea, horrek ematen dit bizipoza. An-tzerkiaz gainera, puntua egiten duen talde batean parte hartzen dut, jubilatuen elkartean. Lagunartean denbora modu atseginean pasatzeko aukera polita da. Sarritan, lagunak etxera gonbidatzen ditut, bazkaltzera. Gaur bertan, adibidez, bi lagun etorriko dira.

Zertaz zaude harroen?

–Nire familia eta adiskideekin nago harro. Gurasoetatik hasita, neba-arreba eta nire senarra eta alabekin. Sei alaba izan nituen, eta lau geldi-tzen zaizkit. Zorionekoa izan naizela uste dut, bakarrik bizi naiz baina alabak nire ondoan sentitzen ditut beti.  

Bizitza antzezlana da

“Zoritxarreko gauza asko gertatzen dira egunero, baina dauzkagun gauza onetan pentsatu behar dugu”

–Bizitzan gauza asko pasatzea tokatu zait; bi alaba galtzeaz gainera, bi anai ere hil zitzaizkidan, auto istripuz. Munduan zoritxarreko gauza asko gertatzen dira egunero, baina dauzkagun gauza onetan pentsatu behar dugu. Izan ere, adin batera iristen zarenean lasai eta pakean bizi nahi duzu, hori besterik ez.