1940. urtean jaio zen Juantxo Larrañaga, Getarian. Gerora Zarautzera joan bazen ere, bertan igaro zuen haurtzaroa eta orduan piztu zitzaion margotzeko grina. Osaba-izebaren Larrañaga hotelean ostatu hartzen zuten margolari frantsesek sartu omen zioten pintzelekiko afizioa eta haiekin batera joaten zen portura itsasontziak erretratatzera. Helduaroan, ez zuen margolaritza alde batera utziko eta erakusketa mordoa egin ditu. Bere ogibideak, ordea, artearekin zerikusi gutxi izan zuen, izan ere, banketxe batean jardun zuen. Erretiroa hartu zuenetik, eta bizitzak emandako guztia esker-tzeko asmoz, laguntza ematea izan da bere kezka eta Nagusilanen boluntario gisa dabil 2006. urteaz geroztik. 

Margotzea afizioa bat baino gehiago da zuretzat. Nola piztu zitzaizun zaletasuna? 

Osaba-izebek hotela zuten Getarian, Larrañaga hotela, non ordu asko ematen nituen. Bertan ostatu har-tzen zutenak frantsesak izan ohi ziren, eta garai hartan horietako asko margolariak ziren. Haiekin ibiltzea gustatzen zitzaidan eta portura joaten zirenean erretratuak egitera beraiekin joaten nintzen. Handik urte batzuetara, eta nire zaletasuna ikusita, José Camps margolariaren eskolara bidali ninduten, Donostiara, eta hiru urte eman nituen berarekin ikasten. Bere estiloa barneratu nuen baina oso autodidakta izan naiz. Margotzeak asko lagundu nau nire bizitza hobea izan dadin. 

Erakusketarik egin duzu?

Erakusketa mordoa egin ditut! Donostian, Azpeitian eta, batez ere, Zarautzen izan dut nire koadroak erakusteko aukera.

Txikitatik argi zenuen margolari izan nahi zenuela?

Niri futbola gustatzen zitzaidan. Zarauzko futbol klubean jokatu nuen eta erregionalera iritsi nin-tzen, baina lagunarteko partida batean lesio bat izan nuen eta joka-tzeari utzi behar izan nion. Futbolean etorkizuna banuen ere, nire karrera bertan behera gelditu zen. 

Zure bizitzan atzera begiratzen duzunean, zertaz zaude harroen? 

Nire emazte Segundarekin batera sortu dugun familiaz nago harro. Lau alaba zoragarri dauzkagu: Josune, Itxaso, Usoa eta Maria Elena. Bizi-tzan zehar egin ditudan adiskideek ere bizipoz handia ematen didate. Zorte handia izan dut bizitzan; ez naiz egon hartu behar duenaren tokian, eman behar duenaren tokian baizik. 

Noiztik zara boluntario Nagusilan elkartean eta zer egiten duzu bertan?

Jubilatu ondoren erabaki nuen Nagusilanen hastea boluntario gisa. 2006. urtean izan zen. Zarauzko Santa Ana egoitzako egoiliarrak paseatzera ateratzen hasi nintzen. Gaur egun, Santa Anako egoiliarrekin ez ezik, eguneko zentrokoekin ere egoten gara. Une honetan, 15 boluntario dauzkagu Santa Anan eta zortzi eguneko zentroan. Paseatzeaz gainera, irteerak antolatu ohi ditugu, Balenciaga museora, Loiolako basilikara, Zumarragako La Antiguara... Bestalde, astero bingoa egiten dugu Santa Anan eta egundoko arrakasta dauka. Opariak banatzen ditugu eta oso ondo pasa-tzen dugu.