Lanek astebete iraungo dute. Bere tokian Eusko Jaurlaritzak alokairuzko 24 apartamentu egingo ditu, 70 urtetik gorakoentzat eta 36 urtetik beherakoen-tzat. Beheko solairua Udalari utziko dio. Udalak ez du erabaki oraindik bertan zer egingo duen. Eraikuntza obra 2024an hasi eta amaituko da. Obra hasi bitartean, orubean aparkalekuak egingo dira. Bestalde, Udalak igogailua eta pasarela egingo ditu Txurruka kalea eta geriatriko zaharraren azpian dagoen bihurgunea lotzeko. Hala, eraikin berriko eta inguruko bizilagunak Bidezarretik bihurguneraino igogailuan igo ahal izango dira.

Mikel Serrano alkateak eta Pedro Jauregi etxebizitza sailburuordeak obra bisitatu zuten atzo goizean. Serranok geriatriko zaharra gogoratu zuen. “Faustino Orbegozok (Orbegozo enpresaren sortzailearen semeak) dirua eta denbora eman zituen adinekoen alde. Geriatriko zaharrak 36 logela zituen eta eraikin enblematikoa izan zen. Baina zaharkitua gelditu zen eta geriatriko berria egin zen. Zaharra erabiltzeari utzi zitzaion eta Faustino Orbegozo fundazioarekin akordio batera iritsi ginen eraikina eta lursaila eskuratzeko. Ondoren, Jaurlaritzarekin akordioa sinatu genuen. Inguru atsegina izango da, adinekoentzat eta gazteentzat”.

Jauregik obraren berri eman zuen. “2024an egingo da. 4,2 milioi euroko aurrekontua izango du. Eraikin berritzailea izango da, bioklimatikoa: iparraldean ez da leihorik egingo, hegoaldea eta ekialdea irekiak izango dira… Ziurtagiri energetiko gorena izango du. Gainera, genero ikuspegia kontuan izanda eraikiko dugu: ez du txokorik izango, igarobideak zuzenak izango dira…”.

Eraikinak bost solairu izango ditu: behekoa eta beste lau. 21 apartamentu logela batekoak izango dira, hiru bi logelakoak eta beste bat egokitua (bi logela izango ditu). Etxebizitza guztiek terraza izango dute. Etxebizitzarik ez dutenentzat ez ezik, etxebizitza egokia ez duten adinekoentzat ere izango da. Horiek beraien etxebizitza Jaurlaritzaren esku utzi beharko dute eraikin berrian etxebizitza lortu ahal izateko.