Aurtengo Gipuzkoako eta Euskadiko eskolarteko kros txapelketak Legazpin egingo dira, Goierri Garaia klubak antolatuta. Bi probek Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalen babesa dute. Baita NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariarena ere.
Gipuzkoako eskolarteko kros txapelketa igande honetan egingo da: 11ean, Urtatza Zahar parkean. 11.00etan kimu mailako nesken lasterketa izango da (1.700 metro), 11.15ean kimu mailako mutilena (1.700 metro), 11.30ean haur mailako neskena (2.550 metro), 11.45ean haur mailako mutilena (2.550 metro) eta 12.05ean benjamin mailako neskena eta mutilena (550 metro). Azken lasterketa horretan Legazpi, Urretxu eta Zumarragako haurrek bakarrik parte hartuko dute.
Euskadiko eskolarteko kros txapelketa, berriz, otsailaren 26an izango da (toki berean). 11.00etan haur mailako mutilak abiatuko dira (2.550 metro) eta 11.30ean haur mailako neskak (2.550 metro).
Klubaren historia
Goierri Garaia atletismo taldea 1995ean sortu zen. Urretxu eta Zumarragako Urola taldearen (1978) eta Legazpiko taldearen (1986) bat egitetik sortu zen. Helburua indarrak batzea izan zen, atletismoa biziberritzeko.
Haurrei eta helduei atletismoa egiteko aukera emateaz gain, hainbat lasterketa antolatzen dituzte urtero: Legazpiko Milia, Aztiriko Mendi Lasterketa, Eitzako Krosa, Goierri Garaia Mendi Lasterketa eta Zumarragako Eskolarteko Krosa.