PSE-EEren babesarekin eta EAJren abstentzioarekin, EH Bilduk Bulandegi eremuaren inguruan proposatutako mozioa onartu du Zizurkilgo udalbatzak. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote bertako bizilagunek bizi duten egoera kontutan izatea eta saihesbidea gauzatu bitartean diruz lagun dezala Bulandegiko hiritartze proiektua.

Zizurkilek egun duen “arazo handienetakoa” dela dio mozioak. Handia da egunero-egunero Elbarrenatik igarotzen den trafiko eta garraio astunaren dentsitatea. Mozioak jasotzen duenez, “2000ko hamarkadan Foru Aldundiak egindako azterketen arabera, 10.000 inguru ziren egunero Zizurkilgo erdigunea zeharkatzen zuten ibilgailuak, eta horietako asko Asteasuko industrialdetara zihoazen, kamioiak bereziki”.

Bulandegiko saihesbidearen premia aipatzen du mozioak: “Saihesbidearen proiektua hamarkadetan atzeratu da eta atzeratzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. 2010ean iragarri eta krisi ekonomikoaren argudioarekin bertan behera geratu zen. Geroztik, ez dio benetan berriz heldu, 2018an Zizurkilgo Udalbatzak horrela eskatu zion arren, eta baita lankidetza eskaini ere. Urteotako herritarren protestak ere hor daude, erantzunik gabe”.

Foru Aldundiak 2000 hamarkadan egin zuen trafiko neurketa, baina ordutik, goruntz egin du kopuruak. Udalak, Bulandegi inguruan neurri ezberdinak hartu ditu azken urteotan. Horiek artean, “abiaduraz ohartarazteko gailuak jarri dira. Gailu horien neurketek adierazi dutenez, gaur egun 13.135 ibilgailu igarotzen dira egunero, Bulandegi eta Erniobidea ingurutik. Trafikoak, beraz, gora egin du nabarmen”.

Ingurua erosoagoa eta irisgarriagoa egiteko, lan garrantzitsuak egiten ari da Udala eta hori ere aipa-tzen du mozioak. Lehen zatia martxan dago 590.000 euroko aurrekontuarekin. Faseka egingo dira ia bi miloi euroko aurrekontua duten lanak, eta aurtengo aurrekontuetan jada aurreikusten da hurrengo fasea idaztea, 2024an egiteko. Egitasmoa Aldundiari aurkeztu dio Udalak, “baina orain artean ez du diruz laguntzeko urratsik eman”, gaineratu dute.