‘A Tempo’ ekimena antolatu du Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak. Gaur hasi eta larunbatera arte iraungo du. Programa honen bidez, ikasleek artista, musikari eta sortzaile ezberdinekin egoteko aukera izango dute.

Adibidez, gaur Amets Arzailusekin bertsolariaren sorkuntza-prozesua gertutik ezagutu ahalko dute, baita Urko Arozena txistulari eta perkusionistaren Denon aurrean gure onenean. Musika eta emozioakº solasaldia entzun.

Datozen egunetan, Marta Bocos pedagogo musikariak Musika Heziketa Goiztiarra saio berezia eskainiko du, Negua ipuinaren bidez, eta Gaizka Sarasolak Txoriak maite zituen amona ipuin musikatua egingo du.

Bestalde, Oiartzungo Mecca Recording Studio grabaketa estudioa bisitatuko dute ikasle batzuk. Era honetan, grabaketa prozesua nola egiten den ezagutzeko aukera izango dute Mikel eta Igor Ezeizaren eskutik.

Dantza klasikoa eta euskal dan-tzako ikasleentzat Orri txuria tailerra eskainiko du Eider Romero dantzariak, eta instrumentaleko ikasle batzuk Aprendiendo a hablar con el instrumento. Una introducción al blues tailerran parte hartuko dute Miguel Arribas saxofonistarekin.

Ikasle helduentzat saioak ere egingo dira, hala nola, R. Rachmanioven jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, Escucha guiada del 2º Concierto para piano y orquesta saio berezia.

Nabarmentzekoa da, azkenik, txirula zein pianoa ikasten ari direnek masterclass eta tailer ezberdinak jasoko dituztela.

Astea borobiltzeko, larunbatean, hilak 11, goizeko 11.00etan Portuko elizan, emanaldi berezi bat eskainiko dute espezialitate desberdinetako ikasleek.

“Gure eskolan egiten dugun lanarekin gozatu eta burura eramandakoak partekatu ahal izango dira. Edozer gauza egiteko ilusio handia jarri behar da eta hala egin dugu A tempo ekimenarekin, ilusioz denak ikasi dezagun”, adierazi zuen Esther Barandiaran Musika eta Dantza Eskolako zuzendari pedagogikoak ekimenaren aurkezpenean.