Koronabirusaren pandemia dela eta, Aterpe jubilatuen elkarteak bi urte eman ditu geldirik. Ondoren, egungo egoerari buruzko hausnarketa egin dute. Aste honetan batzar nagusia egin dute eta bertan 2023ko egitaraua aurkeztu dute.

Zuzendaritzako kideek herriko adineko guztiak ekintzetan parte hartzera animatu dituzte. Astelehenetan, 15.00etan, Ondo Sentitu izeneko tailerra egingo dute. Saioek bi orduko iraupena izango dute. Bertan, prentsa tailerra, eztabaida, erlaxazioa, psikomotrizitate ariketak, irakurketa, kultura orokor tailerra eta eskulanak egingo dituzte.

Astearteetan 10.15ean eta asteazkenetan 16.00etan, ariketa fisikoa egiten dute. Saioak abenduan hasi ziren eta 15 lagun elkartzen dira dagoeneko.

Ostegunetan, 9.00etatik 12.00etara, gimnasia egokitu saioak egiten dituzte. 10 urte baino gehiago daramatzate saio hauek eskain-tzen eta arrakasta handia dute adineko urretxuarren artean.

Oroimena eta adimena

Ostiraletan, 10.15ean, oroimena eta adimena lantzeko ariketak egiten dituzte. Pertzepzioa, arreta, estrukturazioa, asoziazioa, lengoaia... lantzen dituzte.

Horretaz guztiaz gain, elkarteko zuzendaritzak txangoak eta lehiaketak antolatuko ditu urte guztian zehar. Lehenengo txangoa martxoaren 7an egingo dute. Kantabriako Lierganes herrira joango dira.

Aterpe elkarteak 65 urtetik gorako urretxuar guztiak ekintzetan parte hartzera animatu ditu. Beraiekin harremanetan jartzeko, jubilatuen etxera jo behar da edo 943 038 083 telefono zenbakira deitu.