Ordulariak agindu du Azpeitian ere festa noiz lehertuko. Bi edizio galdu eta hiru urteko hutsunearen ondoren, sekulako giroa piztu da gauerdian herriko Plaza Nagusian. Ardozaleak konpainiak bere 50. urteurrena zela eta udaletxean jaso zuen omenaldiaren ondoren, 1.500 danbor-joleren doinu zaparrada nagusitu da Azpeitiako erdigunean sansebastianak ospatzeko irrikaz. 24 orduko festak ez du atzera bueltarik, izan ere haurren danborrada ere, azkenean, eguerdian ospatuko da. 

Eguraldiari muzin egin da urteroko erritua berritu dute azpeitiarrek. Lagun artean bildu eta ederki afaldu ondoren, danborrak eta atabalak astintzeko unea iritsi da. 30 taldetan banatuta, 1.500 gizon-emakumek parte hartu dute herria batzen duen festa handian. 

Lehenxeago, ordea, Ardozaleak taldeak omenaldia jaso du udaletxean, 50. urteurrenera iristen diren talde guztiek jasotzen duten moduan. 1971 urtean atera zen napoleoi jantzia erabiltzen duen taldea lehen aldiz San Sebastian bezperako danborradan. 2021 urtean 50. urteurrena bete zuen taldeak, baina pandemia tarteko, ezin izan du urtemuga behar den bezala ospatu. Ostegun honetan, atzerapenarekin bada ere, jaso dute merezitako omenaldia. Gainera, Ardozaleak taldeak hitzordu berezi bat izan ohi du, izan ere, San Sebastian egunean kalejira egiten du goizean, Gure Ametsa elkartearekin batera, eta, gero, parrokian aritzen dira bi taldeak. Gaur ere ez dute hutsik egingo.

17

Azpeitia: Banderaren Igoera Javi Colmenero

Azpeitiarrak aste osoa daramate eguraldi iragarpenei begira eta haurren danborrada azken unerarte kolokan egon bada ere, azkenean aurrera eramatea adostu dute. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Karmelo Etxegarai Ikastolako, Itsasiko, Juan de Antxieta Musika Eskolako, ikastetxeetako guraso elkarteetako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak ostegunean bertan bildu dira erabakia hartzeko. Iragarpena aztertu ostean, eta eguerdirako eguraldiak hobera egingo duela ikusirik, ohi bezala, haurren danborrada San Sebastian Egunean egitea adostu dute. Beraz, 12.30ean hasita egingo da haurren desfilea.

Gaua berezia eta luzea izango da, baina gaurko egitaraua ere hitzorduz beteta dator. Azpeitiarrak emozioz betetzen dituzten ekitaldiak burutuko dira; hala nola, prozesioa, meza nagusia, eta sokamuturra. Danborrei dagokienez, gaur gaztetxoen txanda izango da, eta 500 haurrek, hamar taldetan banatuta, astinduko dituzte danbor eta barrilak, eta haien atzetik 40. Euskal Antzerki Topaketei eskainitako karroza aterako da, Aitor Expositok egina.

Azpeitiako bandera igoera: San Sebastian Martxa

Azpeitiako bandera igoera: San Sebastian Martxa Javi Colmenero