2021ean Soziolinguistika Klusterrak egindako euskararen kale erabileraren neurketaren datuak jakinarazi ditu Errenteriako Udalak .

Ikerketak azaleratu duenez, euskararen erabilera Errenterian %10,9koa da; gaztelaniarena, %86,4; frantsesarena, %0,1 eta gainerako hizkuntzena, %2,7.

Euskal Herriko erabileraren bataz bestekoa Errenteriakoaren parekoa da (%12,6). Aldiz, Gipuzkoako (%30) eta Donostialdeako (%19) datuekiko aldea nabarmena da.

Datu horien arabera, euskararen erabilera, 2011ko datu beretsuetan mantentzen dela ikus daiteke, 2016ko neurketak gorakada bat eman zuen arren.

Aldiz, euskararen ezagutzak, urte guzti hauetan gorantz egin du, errenteriarren %42k ezagutzen du, gehiago edo gutxiago, euskara. Baina kontuan izan beharra dago herritar gehienentzat bigarren hizkun-tza dela euskara.

Neurketa honek beste datu esanguratsu batzuk eman ditu ere; esate baterako, haurrak dira euskara gehien erabiltzen duten herritarrak (%21,4), eta horien ondoren heldu gazteak (%14,2).

Hortaz, haurren presentziak izugarri baldintzatzen du euskararen erabilera. Hau da, hizkuntza honen erabilera altuena haurrak eta nagusiak nahastuta daudenean ematen da (%24,7).

Sexuari dagokionez, berriz, emakumezkoek apur bat gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoen aldean.

Udaletik adierazi dutenez, “datuak interpretatzerako garaian, ez da mugatu behar euskararen erabilera igo edo jaitsi egin den begiratzera soilik, gauza asko dira kontuan hartu beharrekoak baizik: une bakoi-tzeko egoera, kaleko errealitatearen aldaketak…”. “Kale neurketak hainbat datu eman ditu eta horiek hizkuntza politika bideratzeko tresna izan behar dute aurrerantzean”, gaineratu dute.

Bestalde, datuak sendoak direla azpimarratu dute. 5.024 elkarrizketa jaso eta 13.243 solaskide aztertu dira. “Beraz, emandako emaitzek fidagarritasun handia dute, adierazi dute Udaletik.