Urnietako Udalak eta Magale-Salestarrak ikastetxeak urteak daramatzate elkarlanean euskararen normalizazioaren eta bizikidetzaren aldeko hainbat programa garatzen. Hala, ikastetxeak helburu horrekin egin dituen jarduerak finantzatu izan ditu Udalak.

Bide horretan jarraitzeko, abendua amaieran lankidetza hitzarmen berri bat sinatu zuten.

Sinatutako akordioa 2024ko ekainaren 30era arte egongo da indarrean, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da, bi aldeen arteko adostasunari esker. Urte honetan emaniko dirulaguntza 14.638 eurokoa izango da.

Sinatutako akordioari esker, aurrerantzean Urnietako Udalak euskararen normalizazioan ikastetxean egiten diren ekintzak lagunduko ditu. Zinea euskaraz, antzerkia eskolan, Gu ere bertsotan, Jolas eta solas, antzerki-foruma, Zure alboan guraso eskola eta Sales Berriak aldizkaria dira lankidetzari esker garatu diren ekimenetako batzuk.