Azpeitiko Udalak eta aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen Marea Urdina elkarteak antolatuta, puzgarri inklusiboak izango dira bihar, lehen aldiz, Plaza Nagusian.

Puzgarriak 11.00etatik 14.00etara bitartean egongo dira plazan baina aurreneko ordu erdian (11.00etatik 11.30era arte) behar sentsorial bereziak dituztenentzat izango dira irekita. Hortik aurrera nahi duten haur guztiek izango dute probatzeko aukera.

Edonola ere, aniztasun funtzionala duten eta beharrezkoa duten pertsonek lehentasun txartela erabiltzeko aukera izango dute.

Puzgarri inklusiboak Atracciones Sanz-ek jarriko ditu. Udaletik azaldu dutenez, “enpresa horrek festa eta ekitaldi ugaritan jarri ohi ditu puzgarriak herrian eta azken urteotan, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteentzako jolasak jartzen ere saiatu da”. Oraingoan, Udalaren eta Marea Urdinaren eskaerei erantzunez, puzgarri inklusiboak ekarriko ditu. – J.Leon