Urola Garaian euskararen erabilerak izan duen bilakaera kontuan izanda eta bi herrietako euskara elkarteak 2023an 30 urte beteko dituela aintzat hartuta, Zintzo Mintzo Euskara Elkarteak beka bat sortzea erabaki du. Bekadunak elkartearen ekarpenari eta euskal komunitate digitalaren sorrerari buruzko lana egingo du.

Urretxu eta Zumarragan egin zen azken kale neurketan gazteen erabilera %5,4 besterik ez dela ikusi zen, eta herriko euskara elkartetik horri aurre egite aldera beka bat sortzea erabaki dute.

Beka horrek bi zati izango ditu: azken 30 urte hauetan Zintzo Mintzo Euskara Elkarteak izan duen ibilbidearen inguruko ikerketa lan bat egitea eta Urretxu eta Zumarragako euskal komunitate digitala sustatu, elkartea komunikazio bide berrietan egokitu eta belaunaldi berrietako gazteengana iristeko. Horretarako, sare sozialak elikatu beharko ditu.

Horren guztiaren informazio xehetua Zintzo Mintzoren Facebook orrialdean eta bi herrietako udaletako web orrialdeetan zabalduko da. Lanak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 9an amaituko da eta zintzomintzoeuskaraelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dira.

Onuraduna nor den urtarrilaren 21ean esango da (Zintzo Mintzok 30 urte betetzen dituen egunean).