Metodologia berri baten bidez, Kepa Urbieta Udal Euskaltegiko irakasleak landu eta osatutakoa, Azpeitiko Udalak Harrera egitasmoa estreinatu zuen iaz herriko ikastetxeetan, betiere, etorri berriak hizkuntzaren eta emozioen bidez herrian integratzeko helburuarekin.

Esperientzia horrek emandako emaitza onak ikusita, Udalak berriro ekin dio ikasturte honetan, Udal Euskategiaren bidez, egitasmoari. Irailetik hona bost etorri berrirekin landu da programa eta urte berria hastearekin bat beste hiru haur edo neraberekin ekingo diote. Eneritz Albizu, Euskara batzordeburuak, ekimena aurkezteko ikastetxeetako eta Udal Euskaltegiko ordezkariekin egindako agerraldian azaldu zuenez, “Euskara Plan berria lantzen ari gara herrian eta prozesu horretan ere Azpeitira migratzen dutenei harrera egokia egitea garratzitsua dela ikusi da, integraziorako bidea egiten laguntzeko”.

Albizuk hezkuntzaren baitan kokatu du egitasmoa, azken finean, ikastetxeetara heltzen diren azpeitiar berriei zuzenduriko harrera baita: “LHtik DBH amaitu bitarteko haur eta gaztetxoen artean gauzatzen da”. Euskara, emozioak eta inklusioa Etorkizun programa 2006tik martxan da herrian eta horren bitartez, euskaraz trebatzeko zerbitzua eskaintzen zaie, eskola orduetatik kanpo, etorri berriei.

Kepa Urbietan esandakoari eutsiz, “proiektu horretan 80-100 ikaslek hartzen dute parte eta %20ak 2-3 urtean lortzen ditu gaitasunak, baina beste %80ak 3, 4, 5 edo 6 urte behar izaten zituen maila lortzeko”. Hori zergatik gertatzen zen bueltaka hasi zen Urbieta bera, eta gaitasunak azkarren lortzen zituzten horiek herrian, eskolan eta lagun artean azkar eta erraz integratzen zirela ondorioztatu zuen. Beste %80an erreparatu zuen, ordea: “Hori lortzen ez dutenak haserreak, frustrazioak, amorrazioa hartzea euskarari... izaten dituzte. Lan bat egiten ari nintzen hortaz ohartu nintzen garaian, eta hori hartu nuen gaitzat”. Kepak inklusio horretan “hizkuntzak eta emozioek eragina dutela uste du”.

Ikasleak etorri berritan hartu eta harrera goxatuz, emozioen bidez, hizkuntza ikastea errazterik ba ote dagoen probatzen da proiektu pilotu honekin: “Helburua, lehenbailehen hizkuntza ikastea da, horrek inklusioa erraztuko dietelako”.

Horretarako, 20 egunean 40 orduko lanketa egiten da Harrera egitasmoan. “Hitz egiten dugu, jolastu... eta azken orduan ikaskide bat etortzen da landutakoari jarraipena emateko. Hala, hizkuntza lantzeaz gain inklusioa eta ikaskideak ezagutzea da helburua”, adierazi zuen Kepak. Harrera egitasmoan egindako aurrerapena jarrai-tzeko Etorkizun egitasmora batzen dira etorri berriek.