Garrintzik bihar kantujira eskainiko du erdigunean
Errenteriako abesbatzak 50 urte daramatzala Gabon Abesti Txapelketan parte hartzen ospatuko du
Errenteria
Errenteriako Garrintzi abesbatzak 2022-2023ko kurtsoan zehar Urrezko Ezteiak ospatuko ditu 1973an Gabon Abesti Txapelketan lehen aldiz parte hartu ondoren. Izan ere, 50 urte daramatzate lehiaketa horretan etenik gabe parte hartzen.
Gauzak horrela, kantujira alai batekin hasi nahi dituzte urteurreneko ospakizunak. Kantujira bihar, larunbata, izango da, 12.00etatik 14.00etara, Errenteriako erdiguneko kaleetan.
Korua egungo 60 lagunek eta abesbatzako kide ohiek osatuko dute eta kantujira eskainiko dute, taldeko txistulariek eta Maitane Crespok akordeoiaz lagunduta.
Ibilbidea honako hau izango da: Amulleta elkartea, Magdalena basilika, Koldo Mitxelena plaza, Biteri, Alfonso XI, Olaskoaga plaza, Merkatua, Vicente Elizegui, Biteri, Kapitan Enea, Herriko Enparantza eta Leku Zarra plazatxoa. Amaitzeko, anaitasun bazkaria egingo dute. – A.M.