Tolosaldeko 10 eta 14 urte arteko gazteek zientzia eta teknologiarekin lotutako eskolaz kanpoko aisialdi eskaintza izango dute aurten ere. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak hartu du ZTIAM Eskola kudeatzeko arduraren lekukoa, eta Elhuyarrek Bizilabe tailerrekin ereindako haziari jarraipena emango dio, Tolosaldea Garatzenen eta Tolosako Udalaren babesarekin.

ZTIAM (STEAM) arloko hezitzaile baten laguntzarekin, zientzia eta teknologian oinarritutako jarduerak gauzatuko dituzte haurrek, proiektu erakargarriak osatuz: testu eta bloke bidezko programazioa landu, simulatzaile baten bidez soldatzen ikasi, robot kolaboratzaile bat akzioan ikusi, 3D inprimagailu bidezko inpresioan lehen urratsak eman, mekanika kutsuko maketa erreal bat sortu... Ikerlarien lanak ezagutu eta enpresak ere bisitatuko dituzte.

Ezagutza teorikoak praktikan jar-tzea da xedea, ingeniaritza erronkei edota arazo teknologikoen konponbideei sormena aplikatuz. Modu horretara, gazteak gizarteko etorkizuneko erronkei aurre egiteko ahaldun-tzea da xedea.

Ikasturtea urriaren 19an abiatuko da eta maiatzaren 26ra arte, asteazkenetan izango dira jarduerak, Lanbide Heziketa Institutuan. LH5 eta 6. mailakoek, hau da, 10-12 urte artekoek, 17.15etik 18.45era izango dituzte eskolak; 12 eta 14 urte artekoek (DBH 1 eta 2), berriz, 19.00etatik 20.30era.

Izena emateko tolosaldeagara- tzen.eus webguneko izen-emate formularioa bete edo mendizabal@tolosaldea.eus helbidera idatzi behar da (10 euroko kuota hilabetean).