Datozen bi asteburuetan Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiak ospatuko dira. Bere 41. edizioa izango da aurtengoa eta Udaleko Kultura sailak ahalegin berezia burutu du egitarau zabal bat prestatzeko, non euskarazko lanak nagusi izango diren.

Izan ere, sei antzezlan programatu dira, iaz baino bi gehiago eta emanaldiak herriko lau barrutietara zabalduko dira. Horietako bi lan, kale ikuskizunak izango dira doako sarrerarekin. Gainontzekoetarako beharrezkoa izango da sarrera eskuratzea bibe.me webgunearen bitartez. Saio guztiak 19.00etan hasiko dira.

Jardunaldiak urriaren 14an hasiko dira Maite Guevara pailazoaren ¡Qué buen día! kale ikuskizunarekin Antxoko Biteri plazan. Hurrengo egunean, Txalo Produkzioak taldeak Sagastitarrak taularatuko du Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean. Asteburua amaitzeko, Kamikaz Kolektiboak, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi eskainiko du San Pedroko Udal Aretoan.

Urriaren 21ean, Gudarien plazan aurten Leioako umore azokako saria irabazi duen Mute zirko ikuskizuna ikusteko aukera egongo da. Azkeneko bi emanaldiak Juanba Berasategin izango dira: Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan 22an eta Lurtarrok 23an. – A.M.