Hondarribiko Jaizkibel konpainiak zenbait jarduera antolatu ditu hilaren 22rako, 25. urteurrena ospatuko baitu, Loratzen lelopean. Jaizkibeletik azaldu dutenez, “hogeitabigarren konpainia garela, hemen gaudela, eta bizirik gaudela” ospatu nahi dute egun horretan.

Ospakizunak 10.30ean hasiko dira, Alarde parekidearen aldeko borrokaren eta bestelako egite historikoen berri emango duen ibilbide historiko batekin. Plaza mugatuak daude, beraz, bertan izena eman nahi dutenek email bat ida-tzi beharko dute jaizkibel25urte@gmail.com helbidera.

Ondoren, 12.00etan, Gipuzkoa Plazan elkartuko dira festari hasiera emateko. 13.45ean Herri Bazkari bat egingo da Jostaldi pilotalekuan. Txartelak 20 eurotan daude salgai. Hondarribian Viv Vintage arropa dendan, Ipotx goxokidendan, Rafael eta Muara tabernetan eta Irunen Hazia tabernan eskura daitezke. Bazkaria begetarianoa izango da.

Ospakizuna jarraitzeko, Bentan kontzertuak eta ekitaldi nagusia egingo dira arratsaldean. Ekitaldi nagusia 18.30ean izango da eta, jarraian, 19.30ean, kontzertuak hasiko dira, The Iiingles, Anari, Pinpilinpussies eta Merina Gris taldeen emanaldiekin. Bazkarirako zein kontzertuetarako bolondesak eskatu ditu Jaizkibelek.