Hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetzeko, Zaintzadi proiektu publiko-komunitarioa abian jarri du Udalak.

Horretarako, herriko egoera ezagutzeko galdetegia prestatu du. Honenbestez, etxez etxe banatzen ari den galdetegi laburra betetzeko eskatu die Udalak oiartzuarrei. Guztiz anonimoa da. Behin inkesta beteta herriko hainbat toki eta dendetan utz daiteke. Galdetegia online ere erantzun dezake nahi duenak udal webgunearen bidez.

Proiektuaren lehen fasean, bakardade egoera ez hautatuan bizi diren pertsonen beharrei erantzuteko Oiartzunen dauden baliabideak, sare komunitarioak, herri dinamikak eta mugak zein diren aztertuko dira.

Bestalde, herriko eragile ezberdinekin biltzen ari dira Garazi Solís eta Aintzane Iribar, proiektuko gizarte hezitzaileak. Herritarren iritzia ere jaso nahi da, ahalik eta diagnostiko zehatzena egin ahal izateko. Informazio honekin, baliabide gutxi dituzten eta inguruko pertsonen laguntza jasotzen ez duten 55 urtetik gorako pertsonen beharrak ezagutu eta hauei erantzuteko esku-hartze sozio-hezitzailea eta komunitarioa martxan jarri nahi da.