Azpeitiko Udalak datorren urteko aurrekontuak onartu nahi ditu abenduan eta horregatik, urtero gisa, herritarren ekarpenak eta iritziak jasotzeko bi fase izango dituen prozesu partehartzailea jarriko du abian.

Aurreneko fasea datozen bi asteotan burutuko da eta tarte horretan auzoetan bilerak egingo dira. Bigarren fasea, berriz, urriaren erdialdean hasiko da eta azpeitiar guztiek orduan izango dute egoki ikusten dituzten ekarpenak egiteko aukera.

Udalarentzat herritarren beharrak identifikatzea “garrantzitsua” izango da 2023ko aurrekontuak osatzerako garaian. Izan ere, bizi mailaren, energiaren eta materialen garesti-tzeak aurrekontuak baldintzatuko dituzte; eta horren jakitun, “zenbat eta hobeto ezagutu herritarren beharrak orduan eta aurrekontu egokiagoak osatuko ditugu”.

Edonola ere, auzoetako bilerak (denak 19.00etan hasiko dira) bihar bertan jarriko dira martxan Lasaoko auzo lokalean. Horren ondoren, Aratz-errekako tabernan (hilaren 6an), Urrestillako auzo lokalean (10ean), Añotan (hilaren 13an Elosiagako auzotarrekin) eta Nuarbeko Sokatira museoan (17an) izango dira.

Hortik aurrera azpeitiar orok egin ahalko ditu ekarpenak: “Postontziak jarriko dira herriko txoko desberdinetan eta online ekarpenak jasotzeko aukera ere jarriko da”.