Hirugarren Euskalphoto ekimenaren egoitza izango da Hondarribiaren Itsas Etxea Auditoriuma, ostiraletik eta igandera arte. Bertara, estatu mailan izen handia duten argazkilariak hurbilduko dira. Azken bi urteetan ezin izan zen ekimena berreskuratu pandemiaren eraginarentagik, baina aurtengoan hirugarren edizioa antolatu da.

Ekimenaren aurkezpena Álvaro del Valek egin zuen pasa den astean, Maria Serrano zinegotziarekin batera, eta antolatzaileak azaldu zuenez, Hondarribira hurbilduko den argazkilari profesionalen taldea “izugarria da”. Hala ere, Del Valek zioenez “ekimena ez da bakarrik profesionalentzat edo oso friki direnentzat”. Euskalphoto “argazkilari-tzarekin gozatzen duen edozeinen-tzat” pentsatuta dago.

Antolatzaileak hiru jardunaldietako edukiak zehaztu zituen. Inaugurazioa ostiralean izango da, Santi Rodríguez azpeitiarrak emango duen argiztapenari buruzko lantegi batekin. “Oso ekimen parte-hartzailea izatea nahi genuen, hori dela eta, larunbatean Higer Itsasargira argazki irtenaldi bat egingo da”, jarraitu zuen Del Valek.

Hondarribitik pasako diren ospe handiko argazkilarien artean, nabariena Cristina García Rodero izango da, Argazkilaritzan Sari Nazionala duena. Sari asko ditu eta dokumentalismoari buruzko Magnum agentziaren barruan dagoen lehenengo emakumea da.

Era berean Chema Conesa izango da Hondarribian, argazkilaria izateaz gain El Pais komunikabidean editorea ere badenak, izen handikoa, baita Egoitz Ikaza nafarra ere, hegaztiak eta natura gaiak lantzen dituena, oso ikuspegi berezi eta minimalistarekin.

Beste izen famatuen artean, Tino Soriano ere hurbilduko da Hondarribira, National Geografic aldizkariko argazkilari espainiar bakarra. Bere argazkilaritzari buruzko maisu klase bat emango du, maila goreneko profesional honek.

Parte hartzaileen zerrenda osoa eta programa eskuragai daude Euskalphotoren webgunean (euskalphoto.es). Bertan sarrerak 75 eurotan eskuratu daitezke hiru egunetarako. Sarrerak egun bakoitzeko 30 eurotan daude.

Serrano zinegotzia pozik agertu zen ekimena hirugarren aldiz Hondarribian izateagatik: “Izen handiko artistak izango ditugu, eta gainera, Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarra horien artean izateak sortzen didan ilusioa azpimarratu nahi nuke”.