Udazkeneko ikastaroetarako izen-ematea ireki du Hernaniko emakumeentzako jabetze eskolak. Orotara, zortzi tailer edo ikastaro eskainiko dira irailaren amaieratik aurrera.

Eskolako lehen hitzordua ostegunean Emagunearen, jatorri askotariko emakumeentzako kulturarteko gunearen, bilera izango da.

Arduradunek aditzera eman dutenez, udazkenean askotariko gaiak lantzeko parada izango da Hernaniko emakumeentzako jabetze eskolan. Besteak beste, osasun mentala eta feminismoa, munduko emakumeen literatura, batukada feminista eta barrez lehertzeko ikastaroak, nork bere burua zaintzeko, konfian-tza lantzeko eta ahalduntzeko tailerrak izango dira.

Gainera, tailer eskaintza horretan, ibilbide eta esperientzia oparoa duten irakasleak izango dira; hala nola Ana Murcia Guevara (Sorburu), Clara Wolfram Perez, Nerea Redondo Otamendi, Arantxa Albizu Escobar, Ainara Sarasketa Alberdi, Mertxe Tranche Iparragirre, Beatriz Egizabal, Paki Caballero, Maider Oiartzabal Ziganda, Idoia Telleria Maritxalar eta Su Hernández Aparicio.

Udaletik azaldu dutenez, Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formaziorako topagunea da. “Emakumeok geure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Eskolaren helburua emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea da. Hori lortzeko asmoz gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu eta berau alda-tzeko tresnak eskuratuko ditugu. Jendarte justuago baterantz urratsak emango ditugu”, esan dute.

Izena Kulturarteko Plaza Feministan, emailez (kulturartekoplazafeminista@hernani.eus), 943 337 017 telefonoan edo online (hernani.eus) eman daiteke. Ikastaroen eskaintza guztia ere udal webgunean kontsultatu daiteke.

Inaugurazioa

Urtero bezala, Leokako labaderoko musika emanaldiak iragarriko du emakumeentzako jabekuntza eskolako ikasturte berria. Aurten, kontzertua Jade bikotearen eskutik etorriko da.

Emanaldia urriaren 7an izango da, 22.00etan. Eguraldiarengatik aire librean ezingo balitz egin, Kulturarteko Plaza Feministan joko lukete.

Jade bikotea bi artista kubatarrek osatzen dute: Yanaysa konpositorea eta bokalista nagusia da, eta Maygred, gitarra eta bigarren ahotsa. Musika tradizionaleko eta Kubako herri-musikako doinuak ekarriko dituzte Hernanira.