Filologia Klasikoan lizen-tziaduna, Maite Lopez Las Herasek irakaskuntza du ogibide baina idaztea da bere pasioa. Dagoeneko hiru liburu argitaratu ditu: 2018an Pienso, luego escribo poesia liburua kaleratu zuen; 2020an Safo greziarraren obra poetikoa euskarara itzuli zuen Safo, poesia guztia liburuan; eta joan den ekainean Amatu (Alberdania) bere aurreneko saiakera argitaratu zuen.

Noiz eta nola bururatu zitzaizun ‘Amatu’ liburua idaztea?

Amatasunaren inguruan sarritan hausnartu badut ere, ama izango nin-tzela jakin nuenean sortu zitzaidan nire gogoetak idatziz jartzeko beharra. Neure artean nituen kezkei buruzko oharrak ziren hasierako egunkari moduko hura, pixkanaka garatzen joan zen, eta, azkenean, liburu bihurtu. Nire pentsaketak besteekin partekatzeko nahia piztu zi-tzaidan, garrantzitsua iruditzen zaidalako amatasunari literaturaren bozgorailua eman eta eskarmentu ani-tzak agerian jartzea.

Zergatik ‘Amatu’ izenburua?

–Amatu hitzak liburuaren ardatzean bete-betean jotzen duela uste dut. Hiztegiaren hurrenkerari jarraituz gero, lehenbizi, “ama bihurtu” esan nahi du. Eta horixe zen, hain justu, nire abiapuntuzko kezka: noiz bihurtzen den emakumea ama. Aditzaren beste adiera baten arabera, “maitatu” esan nahi du, eta esanahi hori ere ederki uztartzen da liburuaren ildoan: amari egozten zaion ustezko baldintzarik gabeko maitasuna zalantzan jartzeko saioan, alegia.

Zeintzuk dira lan honen helburuak?

–Izatez, helburu zehatzik gabe ernamuindutako lana da. Behin liburu forma hartu eta argitara emango zela jakindakoan, ordea, xede nagusia amatasunaren aniztasunak plazara-tzeaz gain, amatasuna ez dela era batekoa eta bakarra erakustea dela esango nuke. Horretaz gain, ama izateak emakume batengan sortzen dituen aldaketak aipatzea, gizarteak ama bat nola ikusten eta tratatzen duen aztertzea eta egungo gizarte kontsumistak amaren eredua nola diseinatzen duen miatzea izan da jomuga. Finean, amatasunari dagokionez guztiok nahita edo nahigabe errepikatzen ditugun klixe eta jokamoldeak azaldu nahi izan ditut.

Nori zuzenduta dago?

–Liburuak eskaintza zirikatzaile bat dauka: “Aita guztiei, baten batek irakurriko duelakoan”. Horrekin adierazi nahi dudana zera da, amatasuna ez dela amei bakarrik dagokien gaia, gizarte osoari baizik, amatasuna guztiok eraikitzen baitugu aldez edo moldez. Poza hartzen dut aita direnek ere liburua irakurri dutela esaten didatenean, hori baita nire nahietako bat: amatasunaz espero denaz bestalde aritzea. Ahalik eta irakurlegorik ani-tzenera iritsi nahi nuke, iritzi desberdinak jaso eta pertsona desberdinen gogoak kitzikatzeko.

Lehen pertsonan idatzitako liburua da baina zer nolako iturrietatik edan duzu saiakera hau idazteko?

–Egia esateko, amatu aurretik ezer gutxi irakurri izan dut gaiaren inguruan. Irakurtzekotan, amatasunak sortze-lanean duen eraginari buruz izan da gehienbat. Beti kontuan hartu izan ditut niretzat erreferentzia izan diren zenbait emakumeren idazlanak, hala nola Simone de Beauvoir eta Adrienne Rich. Hala ere, amatu ostean eta liburua kaleratu ondoren, askoz gehiago ari naiz irakurtzen amatasunari buruz modu desberdinetan diharduten liburuak: Goiatz Labandibarren Amez, Alaine Agirreren Karena, Erika Lagoma eta Estitxu Fernandezen M, ama, eme, ume...

Liburua bi zatitan banatuta dago. Zer jasotzen da horietan?

–Liburua bi zatitan dago banatuta: amatu aurretik eta ondoren. Horretarako, gertakizun historikoak denboran kokatzeko erabili ohi den izendapenean oinarritu naiz propio. Alegia, aspaldiko gertakari historikoak Kristo aurretik eta ondoren (K.a eta K.o.) bereizten dira, eta jaiotza bat hartzen da banaketa horren erdigunetzat. Amari dagokionez ere, umearen jaiotza hartu dut gunetzat, edo, hobeto esanda, erditzea. Aurretik atalean jorratzen ditudan gaietako ba-tzuk ama ona izatearen kezka, bizi-tzaren aldaketa, ikasi beharreko hiztegi berria, arropak edo jendearen begiradak eta iruzkinak dira. Ondoren atalean, berriz, besteek emandako aholku itxurako azalpenak, lanera bueltatu beharraren ondorioak, edoskitzea, txertoak edo parkeetako bizipenak landu ditut.

Ama izateko era asko daudela eta, zer esango zenieke haurdun dauden edo ama izateko asmoa duten emakumeei?

–Ama izatearena edo ez oso erabaki pertsonala da, eta eragile asko daude hautu bat edo bestea bukaeraraino eramateko, eta ez da beti nahiaren esku soilik. Horregatik, ez naiz ausar-tzen amagaiei ezer apartekorik esaten. Izan ere, ez dut liburua besteren-tzako eskuliburu gisa kontzebitu, gehiago izan baita barne bakarrizketatik sortutakoa. Inolaz ere ez nuke nahi leziorik ematea, ezta moralkeriarik edo epairik egitea ere.

Seme-alaba bat jaiotzen denean dena polita dela dirudi baina errealitatea oso ezberdina da eta ume baten jaiotzak aldaketa handiak ekartzen ditu. Gomendioren bat egoera berri horri aurre egiteko?

–Ez nago gomendiorik emateko moduan, edozer esanda ere, topiko huts bihurtuko litzatekeelako. Ziur nago, bestalde, diozun egoera berriari aurre egiteko gomendioak handik edo hemendik etorriko zaizkiola amatzear dagoenari, batzuetan berak hala nahita, besteetan eskatu gabe.

Saiaketara itzulita… zer nolako harrera izaten ari da?

–Amatasunaren terminologiarekin jarraituz, liburua oraindik jaioberria da, hilabete eskas igaro baita argitaratu zenetik. Irakurle-jarioa, apurka bada ere, bizirik dago, eta hori oso garrantzitsua da. Orain artean jaso ditudan iritziak, gainera, oso baikorrak izan dira, erraz irakurtzen dela, identifikatuta sentitu direla askotan eta, nire harridurarako, zerbait ikasi dutela ere esan didate. Ezin kexatu, beraz, izaten ari den harrerarekin.

Genero eta estilo ezberdineko hiru liburu kaleratu dituzu. Ba al duzu buruan beste proiekturen bat?

–Udazkenean beste itzulpen bat kaleratuko dut Balea Zuria argitaletxearekin (Saforen poesia guztia argitaratu nuen berberarekin); grekoz eta latinez idatzi zuten emakumeen poemak euskaraz irakurri ahal izango dira. Ilusio berezia egiten didan proiektua da eta irrikitan nago jaio berri den umea bezala eskuetan hartzeko. l