Emakumeen eskubideak zaintzeko aurrerapauso handia emango du datorren astean Hondarribiko Udalak. Hiriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduen parte hartzearekin, Udalak eremu seguruen sare bat sortu nahi du, behar izanez gero larrialdiko uneetan laguntza behar duten emakumeek leku hauetara hurbildu daitekeela jakin dezaten.

Hondarribia Eremu Segurua kanpainara atxikitu nahi diren establezimenduek, zenbait material jasoko dituzte Udalaren partez. Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziak atzo azaldu zuenez, “indarkeria sexista jasaten ari den norbaiti laguntzeko lan konplexua errazteko, gida labur bat eta hainbat elementu emango ditugu”.

Arreta protokoloa azaltzen duen gidaz gain, pegatina bereizgarriak banatuko dira establezimenduen artean, behar duten emakumeek eremu seguru hauek azkar identifikatu dezaten. Gainera, bi kubo informatibo handi jarriko dira jende asko biltzen den lekuetan: kiroldegian eta hondartzan.

Txomin Sagarzazu alkateak, bere aldetik, Gobernutik ekimen hau martxan jartzeko une aproposena uda dela uste dutela adierazi zuen atzo, urteko denboraldi honetan jai-giroa areagotzen baita. “Gure komunitatea osatzen duten pertsonek asko egin dezakete eraso sexisten aurkako prebentzioan”, gehitu zuen alkateak.

Ostalarien aldetik, Iñaki Gezala (Hondarribiko Batzokia) hartu zuen hitza eta “tamalez, horrelakoak egitea beharrezkoa dela argi” dagoela adierazi zuen. Ildo horretan, tentsio edo beldur uneetan laguntza eska-tzen duten emakumeei jatetxean babesa emateko borondatea argi utzi zuen. Joxean Harategiko arduraduna den Conchi Galardi zentzu berean adierazi zen.