Hondarribiko Alde Zaharrean egindako Hondarribian Jazz jaialdiaren lehen edizioak 15.000 lagun inguru bildu ditu. Zazpi eguneko iraupenarekin Hirigune Historikoan banatutako sei eszenatokietako batzuk guztiz betetzera iritsi ziren, giro ezin hobeagoa sortuz.

Hala iragarri du gaur, Hondarribiko Udaleko Sustapen Ekonomiko eta Turismoko zinegotziak, Maria Serranok. “Guztira 27 kontzertu izan dira, 130 Estatuko eta nazioarteko musikari, eta jaialdian zehar beren estreinaldiko gaiak aurkeztu zituzten zortzi artista izan ditugu”, zioen atzo Serranok. Estreinaldiak egin dituzten artista gehienak (zortzitik zazpi) emakumeak izan dira.

Ildo horretan, Hondarribian Jazz jaialdia aurrera eramateko udal Gobernuaren apostua sendoa izan dela gogorarazi nahi izan zuen zinegotziak, festibala Hondarribiko Turismo Plan Zuzentzaileak zehazten dituen helburu espezifikoekin bat egiten duela nabarmenduz.

“Gure asmoa kalitate eta ukitu desberdin batengatik nabarmentzen diren jarduerak antolatzen lagunduko duten bideak egiten jarraitzea da”, zioen Serranok, hiria gure lurraldeko udako jazz zirkuitoan sartzea helburua nabarmenduz.

Jaialdiko zuzendaritzatik oso balorazio positiboa egin dute ere. Joseba Cabezas Hondarribian Jazz-eko zuzendariak adierazi zuenez, “bertaratutakoen adin-tartea oso zabala izan da; pozik ikusi dugu nola familia asko hurbildu diren beren seme-alabekin, adin txikikoak edo nerabeak izan”.

Bisitarien jatorriari dagokionez, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania eta Italia izan dira kanpotarren jatorrizko herrialde nagusiak, eta Estatu mailan, Madril, Katalunia, Kantabria eta Valentziako Erkidegotik etorri dira.

“Lehen edizio hau lan-taldeko 30 pertsona baino gehiagok eta hori posible egin duten profesionalek ondo egindako lanaren gogobete-tzearekin itxiko dugu”, gehitu zuen Cabezasek, babesleei eta Hondarribiko Udalari eskerrak emanez. “Ez ditut hondarribiarrak ahaztu nahi, batez ere Hirigune Historikoko bizilagunak, egun hauetan bertaratutako guztiak hartu baitituzte”, amaitu zuen zuzendariak.