Buruntzaldeak euskarazko kultur agenda bat sortu du
- Buruntzaldeako Udalek eskualdeko sei herrietan antolatzen diren euskarazko ekitaldi sorta oparoa ikusita, hau bateratzeko eta herritarren eskura jartzeko premia ikusi zuten. Horregatik, Udalek euskarazko kultur agenda bateratua sortu dute Buruntzaldea Euskaraz webgunearen baitan. Atzo aurkeztu zituzten agenda honen xehetasunak Andoainen Alex Huitzik eta Oxkar Santamariak, Andoaingo eta Usurbilgo Euskarako zinegotziek, beste Udaletako arduradunekin batera.
Kultur agenda bateratua hilero-hilero elikatuko dute eta herritarren eskura jarri, martxan ipiniko diren komunikazio kanalen bitartez.
Dagoeneko Buruntzaldea Euskaraz webguneak baditu Twitter eta Facebook kontuak. Baina atzo hiru komunikazio kanal berri aurkeztu zituzten: Telegram kanala (Burun-tzaldeko kultur agenda), Instagram kanala (@buruntzaldeaeuskaraz) eta hileroko buletin elektronikoa. Kanal berri hauetan harpidetzea erraza izan dadin, herrietan kartelak jarriko dituzte QR bidez nahi duenak ahalik eta modu erosoenean eman dezan urratsa.
Kanal guzti hauek martxan jartzea erabaki da, batik bat, herritako gazteengana heltzeko helburuarekin. Beraz, Facebooken eta Twitterren egoteaz gain, Instagram sarean ere presente eta aktibo egongo dira kultur eskaintza prestatzen duten eragileek eta arduradunek.
Kontua sustatzeko helburuz, zozketa eta lehiaketak egingo dituztela iragarri zuen Santamariak: "Harpidetzeak saria izango du. Hasteko, parte-hartzaile guztien artean 24 sarrera banatuko ditugu ekainaren 9an: batetik, hilaren 12an Usurbilen izango den Trapu zikinak an-tzezlanerako sei gonbidapen bikoitz, eta, bestetik, ekainaren 17an Basteron izango den Neomak taldearen kontzerturako sei sarrera bikoitz".
Esan bezala, kanal hauen bidez zabalduko den informazioak webgunean izango du isla. Hortaz, Buruntzaldeko sormena eta kultur ekoizpena ikusgarri egiteko kultur agenda webgunean ez ezik, Telegram kanalean, buletin elektronikoan eta sare sozialetan ere zabalduko dute.
Bide batez, webgunea berritzen ari direla iragarri zuen Huitzik: "Gauzak ondo, uztailaren hasieran estreinatuko dugu estetika berria. Atariak pixkanaka pisu handiagoa hartzea da gure helburua, potentzial izugarria duelako eta herritarrentzako baliabide egoki eta interesgarri ugari daudelako bertan".