- Maiatzeko osoko bilkuran Aginagan Elutx bidea egin ahal izateko Usurbilgo Udalak lur jabeekin adostutako hitzarmena onartu da. EH Bilduk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EAJk abstentziora jo zuen.

Bilkuran gogorazi zutenez, Elutx gunea eta Aginagako kaxkoa lotuko dituen oinezkoen eta bizikleten bidea egitea da Udalak eta Orbegozo-Salsamendi anai-arreben artean izenpetu beharreko hitzarmenaren helburu nagusia. Akordioaren bidez, lur jabeek konpromisoa hartu dute lurzorua Udalari doan eta kargarik gabe lagatzeko, Udalak berak obrak egin ditzan. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak jakinarazi zuenez, dagoeneko hasiak dira exekuzio proiektua idazten, Origami arkitekto taldearekin, "ahalik eta azkarren bideratzeko asmoz".

Elutx bideak Aginagaren eta aginagarren eskaera historiko bati erantzuten diola nabarmendu zuen alkateak: "Eskola txikira joaten diren haur gehienak Elutx eremuan bizi dira, eta ez dago zuzeneko konexio segururik: eskolara joateko derrigor atera behar dute N-634 errepidera, eta haurren autonomia garatzeko traba da hori".

Bestalde, oinezkoen eta bizikleten bidearekin batera, 27 etxebizitza antolatuko dira bidearen inguruan, hiru partzelatan banatuta, eta berdegune atsegin bat ere izango du alboan. "Egungo Aginagaren bizi kalitatea eta mugikortasuna hobe-tzeko eta ingurune berde atsegin bat izateko aukera ireki zaigu", esan zuen alkateak.

Erabakia GAOn, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, argitaratuko da, eta jendaurrean egongo da 20 egunez, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan.

Hirigintzari lotutako bigarren puntu bat ere landu zuten osoko bilkuran, hain zuzen ere, Matiak Kalezarko zaintzadun auzunean bizi osorako alojamenduak eskaini ahal izateko eraikigarritasuna handitzeko eskaerarena. 2021eko abenduan heldu zen gaia udalbatzara lehenengo aldiz. Hasieraz onartu zuten orduan, eta jendaurrean egon da. Hainbat txosten sektorial egin dira proiektuaren inguruan, eta Matiak bere proiektuan txertatu ditu. Hala, udal arkitektoak aldeko txostena egin du, eskatu diren baldintzak bete dituztela baieztatuz. Hori horrela, behin-behineko onarpena eman zion, berriz ere, Udalbatzak, aho batez. Behin betiko onarpena izateko Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiatik pasa behar du. l

Matiak zaintzadun auzunean bizi osorako alojamenduak eskaini ahal izateko eskaerak ere aurrera egin du Osoko Bilkuran