- Azken urtetan Sokaitz elkartearen baitan eskaladan ari-tzen diren azpeitiarren kopurua asko hazi dela ikusita, taldeak Urola kalean duen lokalean dagoen rokodromoa handitzeko beharra helarazi zion Udalari.

Egoera aztertu ondoren, bi erakundeak adostasun batera ailegatu dira eta Udalak udal biltegiaren zati baten (rokodromoa dagoen lekuaren ondoko eremu bat) lagapena egingo dio elkarteari, beti ere, rokodromoaren "hasi berrientzako zein haurrentzako eremuak handitzeko".

Udaletik jakinarazi dutenez, obrak bi fasetan egingo dira: "Lehenik, Udalak eremua egokituko du eta horretarako obrak hasita daude jada". Horren ondoren, "Sokaitz elkarteak eskaladarako eremua handitzeko ekipamentua ezarriko du".

Lehen faseko lanak Umebide obras y contratos enpresa ari da egiten eta Udalak 132.005 euroko inbertsioa egingo du azpiegitura egokitzeko.

Lagun Onak mendi bazkunaren Udaberriko Mendi Astea dela eta, Mendi Film Festivalera aurkeztutako ikusentzunezko onenetariko batzuk ikusteko aukera izango da bihar (19.00etan) Soreasu antzokian. Zehazki, Jötunn, The Traverse eta Black Ice filmeak ikusi ahalko dira bihar Azpeitian.

Emanaldirako sarrerak kulturaz.eus web gunean eros daitezke.