- Lore eta Landare Azoka bereziaren zortzigarren edizioa antolatu dute larunbatean Dekolore elkarteak, Behemendik eta Hernaniko Udalak elkarlanean. Oraingoan, azoka Plaza Berrin kokatuko da eta 10.00etatik 14.30era egongo da zabalik.

Aurten Euskal Herriko hamaika postuk hartuko dute parte eta horietatik bat Hernaniko Mendilore loradenda izango da. Gauzak horrela, eskaintza ezagutzeko eta erosteko aukera zabala izango dute hernaniarrek zein bisitariek, besteak beste: lore eta landare naturalak, kosmetikako eta medikuntza naturaleko produktu artisauak, sendabelarrak eta loreekin egindako artisautza lanak.

Mendilore loradendaz gain, azokan parte hartuko dute Zunoyar Lorategia (Oiartzun), Viveros Ortuberri (Iurreta), Urtinea (Usurbil), Aritzkurengo Tienduka (Aritzkuren), Lore Prentsatua (Donostia), Semillas Ecológicas (Lasarte-Oria), Sojo Natura (Lekunberri), Sara Letamendia (Aizarna), Flores Ganchillo (Villaveta) eta Tissu Artisau-tza (Atxondo).

Haurrentzako ere tailer eta jolasak antolatu dira azokak iraun bitartean. Tailerrak lore prentsatu eta landaketari buruzkoak izango dira, arrakastatsuak direlako. Azkeneko horretan, haurrek landatzen duten lorea eramango dute etxera.

Azoka berezi hauen helburua baserriko produktuen salmenta zuzena sustatzea da. Bestalde, feria berezi hauek baserriko produktuen promozio eta erakusketa gune ere izan behar dute. Gainera, merkatua asteburuan kokatzearekin, aisialdi ekintza bezala ere aurkeztu liteke eta jende gehiago kalean dagoenez merkatarientzat ere onuragarria da.