- Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Azpeitiko herriak Domusa Teknik 40 Miliak distantzia luzeko mendi lasterketa estreinatuko du maiatzaren 14an. Proba Euskadiko Ultra Txapelketa izango da; eta ondorioz, Euskadiko distantzia luzeko mendi lasterkari txapeldun berriak izendatuko dira bertan.

Aurreneko edizioa ospatzeko oraindik aste batzuk falta badira ere, Domusa Teknik 40 Miliak lasterketa berriak interes handia piztu du disziplinako korrikalarien artean eta giroa berotzen joateko antolakuntzan murgilduta dauden eragile ezberdinek gaian interesa duten herritar guztien partaidetzari irekita egongo den Mendi lasterketak eta emakumeak hitzaldia antolatu dute hilaren 29rako.

Ekitaldi hori Azpeitiko Azoka Plazako lehen solairuan dagoen areto nagusian egingo da (19.00etan) eta bertan punta-puntako emakume korrikalari diren Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 1981) eta Leire Baraibar (Areso, 1979) arituko dira hizlari lanetan.

Maialen Agirre, Domusa Teknikeko parekidetasun batzordeko kidea, Egoitz Arruti eta Idoia Arrizabalaga Azpeitiko zinegotziak, Arantxa Larrañaga, Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakaria, eta Iñigo Orbegozo, Domusa Teknik lasterketako arduradunak hilaren 29rako antolatutako hitzaldia aurkezteko egindako agerraldian adierazi zutenez, Azoka Plazan burutuko den ekitaldiaren helburua bikoitza da: "Batetik, emakumeei ikusgarritasuna ematea"; eta bestetik, "Leire Baraibar eta Oihana Azkorbebeitiari aitortza bat egitea".

Edonola ere, distantzia luzeko mendi lasterketetan lorpen handiak dituzten bi emakume hauek "gai desberdinen inguruan izan dituzten bizipenak eta beren ikuspuntuak" ezagutzera emango dituzte Azpeitiko hitzaldian.