- Esklaboen barrakoiak izenburupean, gerra ondoko frankismo garaian Jaizkibeleko errepidea eta behartutako beste lan batzuk egiteko milaka preso pilatzeko Lezon eraiki ziren barrakoien ingurukoa da. Baldintza oso kaskarretan bizi ziren gizon hauetako askok herriko emakumeengandik jaso izan zuten laguntza, bizirauteko.
Preso hauek bizitutakoa eta emakume hauen lana ezagutzera emateko, liburuaren osagarri gisa Garazi Ugalderen hitzekin eta Iñaki Labakaren musikarekin, Elkartasun-haizeak bideoklipa ekoiztu dute. Liburuan agertzen den QR kode baten bidez Interneten ikusi ahal izango da eta aurkezpen ekitaldian proiektatutuko da. Lezokuak ipuin bildumaren laugarren liburua aurkeztuko du Mikel Susperregi idazleak larunbatean Gezala Auditoriumean 12.00etatik aurrera.
Liburua larunbatean jarriko da salgai, gainerako bildumarekin batera, prezio berezian. Ondoren, Hontzan (Donostian), Mirentxun eta Xenpelarren (Errenterian) eta Lezon (tel.: 646 329 441) egongo da eskuragarri.
Lezokuak, 2018. urtean Xalto ta Brinko Animazio Elkarteak abian jarritako gazteei bereziki zuzendutako ipuin bilduma ilustratua da. Bertan Lezoko pertsonaia edo gertaera historikoak eta beren garaia azaltzen saiatzen dira modu nobelatuan. Lander Zurutuzak marraztutako txuri-beltzeko irudiak erabiliz, liburuei zahar tankera bat ematen saiatu dira, barruko orrietan paper lodia baliatuz. Urtero pertsonaia berri bat aukeratzen dute, emakumezkoak eta gizonezkoak txandakatuz.
Irakurterrazak dira; helburu akademikoa baino, kuriositatea pizteko xedea dutelako. Liburu hauek hamabi eta 16 urte arteko ikasleen artean banatzen dira, batik bat, eta egilea ikastetxeetara joaten da dinamizazio literarioak burutzera.
Lezokuak 2021 egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lezoko Udalaren babesa jaso du berriro ere.