- Coronavirusaren pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren, 2022an Legorretako Herri Jaiak bueltan datoz eta Udalak festetako egitaraurako portada lehiaketa abian jarri du. Lehiaketa honetan parte hartzeko zenbait betebehar jakinarazi ditu udal gobernu goierritarrak. Besteak beste, legorretarra izateaz ez ezik, adinez nagusia izatea ere derrigorrezkoa da.

Bestalde, kartelak Legorretako Azintzio Jaiak 2022 testua izan behar du ezinbestean eta jai horren ezaugarri, irudi edo lemaren bat jaso eta adierazi beharko da. Gainera, ez da hizkuntza edo irudi sexistarik onartuko. Horren harira, genero berdintasuna ikusarazi edo sustatzen duten irudiak positiboki balioztatuko ditu epaimahaiak.

Irabazleak Legorretako Aulia Sagardotegian bi lagunentzako afaria lortuko du. Ostera, kartel guztiekin erakusketa bat egingo da.

Parte hartzeko epea martxoaren 25eko eguerdiko 14.00ak arte zabalik egongo da. Kartelak egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema batekin aurkeztu behar dira. Horretaz aparte, gutun-azal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira. Guztia udalean, kultur etxean edo kultura@legorreta.eus helbidean aurkeztu beharko da.

Saritzen den lana Udalaren esku geldituko da eta jaietako egitarauaren azalean agertuko da. Bestalde, saritu gabe geratzen diren lanak behin erakusketa amaituta jaso ahalko dira hamabost eguneko epean. Legorretako Kultur Etxera jo beharko da kartelak jasotzera.

Herritarren parte hartzea sustatzeko, kartelik onena legorretarren bozkaren bidez aukeratuko da. Beraz, herritarrak izango dira epaimahai.