- Aste honetan Hernanik kulturarekin apostu sendoa egin du maiatza arteko egitaraua aurkeztuz. Ohiko ekitaldiez gain, negua eta udaberria berritasun ugarirekin datoz.

"Berritasun batzuk aipatzearren, literaturan, ahozkotasunaren inguruko ekimen berri bat; zineari dagokionez, hilean behin, ohiko zirkuitu komertzialetik kanpo, Euskal Herrian ekoitzitako film edo pelikula bat proiektatuko da; eta dantza mundua zabaldu asmoz dantza familian egitasmoari lekua egin nahi izan diogu. Aipamen berezia merezi du Geuretik Sortuak Udalbiltzaren egitasmoak, programa honi esker, Euskal Herri osoan hogeitaka sor-tzailek egin dituzten egonaldien emaitza Hernanin ikusteko parada izango dugula", nabarmendu zuen Koro Etxeberriak, Kultura zinego-tziak, aurkezpenean.

Etxeberriak Hernaniko Udalak Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu duela beste 26 herrirekin batera aipatu zuen. "Hernanin, Arnasa izenburua duen filmearen ekoizpena eta sormena egokitu zaigu. Sormen lan guzti hauek ikusteko aukera izango dugu datozen hilabeteetan. Literatur lan guztiak liburu batean jaso dira eta honen aurkezpena egingo da, bost film laburrekin osatu den luzemetraia proiektatuko da eta bost antzezlan ikusteko aukera izango dugu". Sormen lan guztiak euskara hutsean ekoitzi dira, euskal sortzaileak babesteko.

Ahozkotasunaren inguruan prestatu den eskaintza Rakel Gonzálezek, liburutegiko arduradunak, azaldu zuen: "Nazioarteko jaialdi batean parte hartuko du Hernanik lehen aldiz. Ahoz Aho Intujai Teatroak antolatzen du eta aurten XV. edizioa egingo da. Tolosan jaio zen, baina pixkanaka-pixkanaka beste herrietara zabaltzen joan da". "Martxoan lau saio egingo ditugu. Horietako bat helduentzat izango da, herritarren eskaerari erantzunez, eta besteak familia osoarentzat izango dira", argitu zuen.

Azkenik, Nagore Irastortzak, Kultura teknikariak dantza garaikidea indartzeko egitasmoak azpimarratu zituen. "Dantza saio irekia eta dantza familian jarduerak gehitu ditugu gure eskaintzan", esan zuen.

"Programazioa indartsua da, musika gehiago sartu dugu, puntako musikariak zein bertakoak, esaterako, Xabi Solano eta Maite Larburu. Zinema eskaintza ere indartu dugu, hilean behineko saioekin, gai desberdinak eta interesgarriak jorratuz...", erantsi zuen.