- Urola Garaiko Beldur Barik lehiaketako sari banaketa egin zen atzo goizean Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Aurtengo edizioan Eider Garcia Rajado gaztetxo zumarragarra, Legazpiko Haztegi ikastolako talde bat eta Legazpiko Olazabal institutuko talde bat saritu dituzte.

Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako lehiaketa honetara hamabi lan aurkeztu dira. 12 eta 13 urtekoen mailan, lan bakarra aurkeztu da. Eider Garciarena, hain zuzen ere. Epaimahaiak bigarren saria ematea erabaki du. Garciak 250 euroko erosketa bale bat jaso zuen atzoko ekitaldian. Bonua Legazpiko Ilinti merkatari elkartearen eta Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkartearen dendetan gastatu beharko du.

14-18 urtekoen mailan hamaika lan aurkeztu dira. Legazpiko Olazabal institutuko, Legazpiko Haztegi ikastolako eta Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleek parte hartu dute, taldeka.

Lehen saria Haztegi ikastolako Terese Altolagirre, Urko Izagirre, Aiara Salinas, Xabi Parra, Izar Garmendia, Iker Zabaleta eta Amaia Azpeitiak irabazi dute. 350 euroko erosketa bale bat jaso dute, aipatutako bi merkatari elkarteen dendetan erabiltzeko. Gazte hauek ezin izan zuten atzoko sari banaketa ekitaldian parte hartu, konfinatuta baitaude.

Bigarren saria Olazabal institutuko Joane Alberdi, Ainhoa Badias, Eider Calvo de Mora, Janire Conti, June Martinez, Alex Mateo eta Aitor Santosek irabazi dute. 250 euroko erosketa balea jaso dute, Urola Garaiko bi merkatari elkarteen dendetan gastatzeko. Sariak Maria Pavon merkataritza teknikariak banatu zituen eta ekitaldian sarituek bakarrik parte hartu zuten, koronabirusa dela eta. Sari banaketa hasi auretik, sexu harremanei buruzko Sexijentziak an-tzezlanaz gozatzeko aukera eduki zuten.

Lan guztiak Beldur Bariken webgunean ikus daitezke: beldurbarik.eus/eu/.