Síguenos en redes sociales:

'Ekimena' egitasmoa bultzatuko du Ordiziak, lan aukerak sustazeko

Laugarren edizioa izango da, eta langabezian dauden eta 22 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzendua dago

'Ekimena' egitasmoa bultzatuko du Ordiziak, lan aukerak sustazeko

- Enplegua sustatzeko helburuarekin, Ordiziak Ekimena enplegu faktoriaren proiektua martxan jarriko du. Atzo aurkeztu zuten ekimenaren laugarren edizioa Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak; Aritz Perezek, proiektuaren arduradunak; eta Javier Elizetxek, formatzaileak.

Aurtengo edizioan 20 pertsona inguruko talde batek parte hartu ahal izango du, enplegua beste norbaiten kontura edo negozio-ekimen bat abian jartzea lortzeko asmoarekin.

Abenduaren 13an hasiko da aurtengo txanda, eta apirilaren 13ra bitarte iraungo du. Eta izena emateko epea abenduaren 5era arte zabalik egongo da.

Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Herritarren Arreta bulegoan edo saregintza@saregintza.org helbidera idatziz.

Hautaketa prozesua egitea tokatuko balitz, informazio-saioak eta elkarrizketak egingo dira parte hartzen dutenekin.

Langabezian dauden pertsonei zuzenduta dago ekimena. Gainera, 22 eta 55 urteren tartean dauden pertsonentzako pentsatua dago.

Horretaz gain, Ordizian bizi eta lana modu aktiboan bilatzen duen pertsonak izan beharko dira parte-hartzaileak.