Anoetak Isasti, Hozpel, Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan lanak egiteko asmoa du, irisgarritasuna hobetzeko hain zuzen ere. Proiektuan herritarren iritzia egon dadin parte hartze-prozesuak egingo ditu auzotarrekin.

Edozein proiektu martxan jarri baino lehen, herritarrekin biltzeko ohitura du Anoetako udalak eta, horrela, bere asmoak azaltzen dizkie auzokideei eta zuzenean jasotzen ditu euren ekarpenak. Hala, datorren urtean herritarren beharrak asetzen jarraitzeko hainbat proiektu egin nahi ditu udalak, horien artean, herriko hainbat auzotan irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea eta aisialdi-gune berri bat sortzea.

Egitasmo horien harira jarriko dituzte martxan parte hartze-prozesuak Anoetako zenbait gunetan. Plazako obrarekin batera, inbertsio handienetako bat bideratu nahi du udalak aipatu proiektu horietara. Pello Estanga alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela herritarren iri-tzia kontuan hartzea: "Edozein proiektu martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea garrantzitsua da oso. Horrela euren iritzia jakin dezakegu eta hori kontuan hartuta diseinatu egitera goazena. Hori egitea ohitura bihurtu du Anoetako udalak, eta oso aberasgarria da guztiontzat".

Dena ondo bidean, hilabete honetan jarriko dituzte martxan parte hartze-prozesuak eta gutxi gorabehera otsaila bitarte iraungo dutela aurreikusten da. Bi egitasmo landuko dituzte: Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetan zein Errotaldea auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea - eta bidez batez ur-horniduraren zein saneamenduaren hodiak berri-tzea-; eta Ikastolaren eta Laxarbe Errekaren artean aisialdi-gune berri bat egitea.