- Lezoko Udalak udazkenerako prestatu dituen kultur ekitaldi berritzaileen artean, aste honetan Poesia Kaia egitasmoa aurkeztu du, olerkaritza sustatzeko asmoz. Proiektu honi esker, datorren astean poesia eta musika uztartzen duten hiru emanaldi burutuko dira.

Honela, azaroaren 16an, Itxaro Bordak Orbelen Intziriak 19 zatiko poema aurkeztuko du Olivier Cavalié Kako musikariarekin. Hilaren 18an, euskaraz eta katalanez poesia entzuteko aukera egongo da, Aintzane Galardi oiartzuarrarekin eta Mireia Calafell kataluniarrarekin. Ondoren, Juan Ramon Makusok Ramón Andrés poeta elkarrizketatuko du. Amaitzeko, azaroaren 20an José Ángel Hernández eta Oihane Garmendia poetek Arrate Zubigaray Orbea (organoa) eta Jon Makuso Arrizabalaga (biolina) musikariekin errezitaldia eskainiko dute. Lehenengo bi emanaldiak Gezalan izango dira 19.30ean, eta azkenekoa Santo Kristo baselizan, 20.15ean.

Aurkezpenean Xanti Val kultura teknikariak azaldu zuenez, "jarduera berri honi, gorputz berezia eman nahi izan diogu. Aurrerantzean ere, Poesia Kaian sakontze aldeko apustua egin nahi da". Horregatik, emanaldiak aste batean konprimitzea erabaki zuten.

Bertan izan ziren Felipe Juaristi, Aritz Gorrotxategi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso.