- Belaunaldi gazteei euskal kulturako erreferente izandako figurak aurkezteko helburuarekin, Antton Kazabonek idatziriko eta Urnietako Udalak babesturiko Lurdes Iriondo, Lulu haurrentzako liburua argitaratu da. Liburua sei eta zortzi urte arteko haurrei zuzenduta dago, gutxi gorabehera.

Urnietako udal webgunean, Kazabonek eskainitako elkarrizketa batean, idazleak eta ipuin kontalariak liburuko "testuak oso arina izan behar duela" azpimarratu du. "Adin horretako umeei jolasteko liburuak eskaini behar zaizkie, irudiz eta kolorez josiak daudenak erakargarri egiteko", gaineratu du.

Marrazkietaz Jon Mitxelena arduratu da eta ilustrazioetan kolore biziak eta erakargarriak erabili ditu. Bestalde, Kazabonen aburuz, "Unai Pascualen lana ere nabarmendu behar da, maketazioan, koloreekin eta antolaketarekin bete-betean asmatu baitu".

Iriondo idazlea eta kantaria izan zen eta euskal kulturaren erreferenteetako bat da, izan ere, 1960eko hamarkadan zehar loratu zen euskal kanta berriaren interpreterik adierazgarrienetako bat baita, Ez dok amairu talde ezagunaren baitan emakume bakarra.

Kazabon duela urte batzuk Benito Lertxundiren emanaldi bat entzuten ari zela, jabetu zen idolo eta erreferente diren euskal kulturgileren berri ematen ez bada, belaunaldi gazteek ez dutela jakingo nortzuk diren. "Hausnarketa horretatik abiatuta pentsatu nuen niretzat artista handi eta erreferente izan diren zenbait pertsonen inguruko liburuak idaztea eta proiektu hori aurrera ateratzea", adierazi du.

Argitaletxe batzuetara joaten hasi zen proiektua azaltzeko eta azkenean, Denonartean argitaletxeak proiektuaren aldeko apustua egin zuen eta Benito Lertxundiren bizi-tzari buruzkoa izan zen kaleratu zuen lehen liburua. Xabier Lete Ttiki izenburuko liburua ere argitaratu du eta orain Lurdes Iriondorena aurkeztu du.

Urriaren 24an Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean, Lurdes Iriondo Lulu liburuaren aurkezpena burutu zen. Ekitaldian Antton Kazabon idazleak bertako pasarteak errezitatu zituen eta zenbait ikuskizunez gozatzeko aukera izan zen: Ana Belen Garcia (pianoa), Edurne Orbegozo (kantua), Eli Herrero (kantua eta gitarra), Izaskun Aizpurua (dantza), Jon Mitxelena (ilustrazioa), Javi Echarri (gitarra), Lourdes Iriondo musika eskolako musika hizkuntzako 4. mailako ikasle batzuk eta Easo abesbatzako ordezkariak.