- Donostiako Udalak aterpetxeen jarduerari buruzko txostena eskatu dio Sustapenari. Erabakirik ez du hartu, baina Ondarretako eta Uliako udal aterpetxeen kudeaketa zuzena uztea aztertzen ari da. Txosten hori jaso eta aztertu baino lehen ez duela erabakirik hartuko esan zuen Duñike Agirrezabalaga Gazteria zinegotziak. "Informazio osoa izateko eskatu dugu txostena", gaineratu zuen.

Ostegunean egin zituen adierazpen horiek Agirrezabalagak, urriko ohiko Udalbatzan eta EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkeztutako mozioaren harira. "Eztabaidatu beharko genukeena da ea gazteentzako aterpetxea Udalak kudeatu behar duen zerbitzua den, edo baliabide horiek beharrezkoagoak diren zerbitzuetara bideratu behar dituen, gizarte-errentagarritasun handiagoa duten zerbitzuetara", esan zuen PSE-EEko zinegotziak.

Aipatutako mozioan oposizioko bi taldeek kudeaketa zuzena mantentzearen alde egiteko eskatu zuten, zeharkakoak zerbitzua okertuko lukeelako, eta lanpostuak mantentzearen alde egiteko ere bai. Zentzu horretan, Agirrezabalak dagozkien langile-eskubide guztiak indarrean dituztela esan zien Udalbatzara gerturatu ziren beharginei, eta ez dutela inor kaleratzeari buruz hitz egin gaineratu zuen.

EH Bilduko Markel Ormazabal zinegotziak Jon Insausti bozeramaile jeltzaleak aste honetan bertan esandakoak aipatu zituen, alegia, pribatizazioa ez dagoela txostenen menpe, eta erabaki politikoa dela. Elkarrekin Donostiako Aitzole Aranetak gogoratu zuen aurretik ere Donostiako Sustapenak egin zuela aterpetxeen inguruko txostena eta kudeaketa ereduari egin ziola aipamena.

Edonola ere, historikoki defizita izan dute Donostiako udal aterpetxeek, 400.000 euro ingurukoa 2013. urtean, ordutik murriztu bada ere. Iaz, esaterako, aurrekontuaren arabera defizit hori 100.000 eurotik beherakoa izatea espero zuten.

Erabiltzaileen datuak, hala ere, gorantz doaz azken urteotan, pandemia iritsi arteko datuak kontuan hartuz behintzat. Ondarretako La Sirena aterpetxeak urtean 20.000 bisitariak gainditzen ditu eta 2018ko udan, esaterako, %9ko igoera izan zuen aurreko urtearekiko. 100 ohe eskaintzen ditu eta berritze lanak egin zituen 2016. urtean (200.000 euroko aurrekontuarekin). Kasu honetan, eraikin osoa birgaitzeko proiektua ere idatzita dauka Udalak: AEK euskaltegiak hutsik utzitako solairua baliatu eta egungo 100 oheak 135 bihurtzea da asmoa, irisgarritasuna bermatuz eta bestelako hobekuntzekin. Osasun krisiak eragindako krisi ekonomikoarekin, hala ere, ez dirudi epe laburrean gauzatzeko modurik izango duen (1,1 milioi euroko kostua dute lan horiek).

Uliaren kasuan, urtean 8.000 erabiltzaile inguru ditu eta 62 ohe eskaintzen ditu.

Eztabaida bi hauen ingurukoa bada ere, Udalak beste bi aterpetxe ere kudeatzen ditu. Batetik, Artikutzakoa: kasu hau bereziagoa da, kokapenarengatik eta aterpetxearen ezaugarriengatik.

Bestetik, Ubako aterpetxea dago, Ametzagainako parkean 2012. urtean zabaldutakoa. Donostiako Sustapenaren esku dago, baina zeharkako kudeaketarekin: 2017an esleitu zioten lan hori Nest Hostels enpresari lau urterako. Besteak baino handiagoa da Ubakoa (guztira 196 ohe ditu), eta batez ere kirolaren harira Donostiara etortzen direnak erakartzen ditu. Pandemiaren aurretik, urtean 30.000 bisitari inguru izaten zituen eta udan normalean beteta egoten zen (neguan okupazioa %40 ingurukoa izaten zen).

Bai Ubako atxerpetxeak eta baita Ondarretakoak ere etxerik gabeko pertsonak hartu zituzten martxotik ekainera, konfinamenduaren garaian.

Ondarreta, La Sirena. 100 ohe eskaintzen ditu eta 20.000 bisitari inguru ditu urtean. 2016.ean berritu zuten eta handitzeko proiektua badago.

Ulia. 62 plaza ditu eta urtean 8.000 erabiltzaile inguruk bisitatzen dute.

Artikutza. Etxe osoa talde bati uzten zaio, hamar eta 32 lagun bitarteko talde bati, gutxienez bi gau pasatzeko.

Uba. Zeharka kudeatutako aterpetxea, Ametzagainan, 196 ohe dituena. Urtean 30.000 bisitari inguru jasotzen ditu eta, pandemiaren aurretik, udan beteta egon izan da.

Aterpetxeak Udalak kudeatu behar dituen edo baliabideak beste beharretara bideratu behar diren, hori da eztabaida Agirrezabalagaren ustez