Azarorako aurreikusitako ikuskizuna prestatzen hasi dira rrenteriako Zaria Koru Eskola, besteak beste, The Beatles talde ingelesaren eta bertsolaritza uztartuko dituen emanaldi bat eskaini nahi dute. Horretarako, irailetik aurrera, Zaria Abesbatza Eskolaren jardunaren espiritua betiko berbera izango da: abesbatza musikaz gozatu eta aldi berean kultur jardueraren, taldekako lanaren eta giza balioen lanketaren bidez norberaren giza garapena eta garapen intelektualean sakontzea. “Eta hori ikasleen segurtasuna lehenetsiz egingo dugu: taldeen eraketa eta eskolak emateko baldintzak unean uneko egoeraren arabera egokituko dira”, aditzera eman dute abesbatzako arduradunek. Hartara, taldeak mugatuak izango dira, segurtasun distantziak gordeko dira eta beharrezko garbitasun neurriak hartuko dira.

Izan ere, COVID-19ak eragindako egoerak aginduta, zuzeneko eskolak zein emanaldiak eten baziren ere, Zariak ahotsaren inguruko lanketa eta gozamena uztartzen jarraitu zuen: konfinamendu garaian online eskolen bidez eta, ondoren, eskolan bertan eta Errenteriako Iztietako elizan burututako saioetan.

Matrikula ikasturte guztian zehar zabalik dago. Ordutegiaren, matrikularen nahiz kuotaren inguruko informazioa eskuratu edo edozein zalantza argitzeko, info@zariakorueskola.eus posta helbidea eta 635 200 962 telefonoa erabil daitezke. Informazio gehiago, http://zariakorueskola.eus webgunean.

Giza balioak

Sinergiak

Jakina denez, hezkuntza zein kulturgintzan ezinbestekoak dira eragile ezberdinen arteko sinergiak eratzea. Zentzu horretan, Zaria Koru Eskola Oarsoaldean errotutako eskola da eta elkarlanean dihardu Errenteriako Bizarain, Egiluze, Gamon, Koldo Mitxelena, Orereta eta Telleri ikastetxeekin eta Oiartzungo Elizalde ikastetxearekin , eta baita hainbat erakunderekin ere.

Eskualde zein Euskadi mailan ez ezik, nazioartera begira dagoen eskola da Zaria eta harremanak ditu Katalunia, AEB, Alemania, Frantzia edo Txekiar Errepublikako hainbat abesbatzekin. Etorkizuneko egitasmoen artean ditu, besteak beste, Parisen eta Katalunian kontzertuak ematea eta frantziar zein txekiar abesbatzak Errenterian hartzea.

Maiz azaldu dutenez, Zaria Koru Eskolaren formakuntza eskaintzaren helburu nagusia da haur, gazte zein helduen artean abesbatza musikarekiko grina eta zaletasuna piztea, kalitatezko musika formakuntzaren bidez. Horretarako adinaren araberako taldeak eratzen dira eta horietan egindako lanak eskolako abesbatzatan du isla. Sei eta bederatzi urte bitarteko haurrek Zariatxiki Abesbatza osatzen dute, hamar eta hamabost urte bitarteko haur eta gazteek Zariatxo Abesbatza, 16 eta 17 urte arteko gazteek Zariagaz Abesbatza eta hortik gorako adina dutenek Zaria Abesbatza eta Zaria Ensemble taldeetan jarduten dute; baina adin ezberdinetako kantariek elkarrekin abestea ere garrantzizkoa da eskolaren plangintzan.

Askotariko musika errepertorioaren bidez (musika klasikoa, garaikidea, tradizionala, pop musika...), ahotsaren emisioa, entzunaldi aktiboa eta musika irakurketa lantzeaz gain, kontzentraziorako zein lanerako gaitasuna, oroimena, psikomotrizitatea eta arnasketa kontzientea ere lantzen dira; “eta guzti horrekin batera, abesbatza musikaren arlo teknikoak eta errepertorioa ezagu-tzeaz gain, eskolaren ezaugarri da giza balioak eta talde dinamika lan-tzea”, azpimarratu dute.