- Oiartzungo Oieleku inguruaz gozatzeko eta han dagoen ondarea hobeki ulertzen laguntzeko, datorren larunbatean, abuztuaren 8an, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak irteera gidatua antolatu du Luis Mari Zaldua Etxaberen eskutik.

Ibilbidea laburra da, bi kilometrokoa guztira (joan eta etorri) eta nornahik egiteko modukoa, ez baitu inolako zailtasunik. Alde guztietara, komeni da oinetako erosoak eramatea. Helburua ez da asko ibiltzea, gauzei erreparatuz eta gidariaren (euskarazko) azalpenenen laguntzarekin, kultura-paisaietan murgiltzea baizik. Hamaiketakoa egiteko tartea egongo da.

Ibilbidea goizeko 10.00etan hasiko da Oiartzungo Kausoko aparkalekutik eta 13.00etan amaituko da toki berean. Partaideek hamabi urte baino gehiago izan behar dituzte eta prezioa bost eurokoa da pertsona bakoitzeko. Esan gabe doa COVID delakoaren kutsadura ekiditeko neurriak hartuko direla eta musukoa eraman beharra dagoela.

Informazio gehiago 943 495 069 edo 688 895 068 telefono zenbakien bidez edo arditurri@gipuzkoantura.eus helbide elektronikora idatziz jaso daiteke.

Parketxe Saretik aditzera eman dutenez, Oieleku ingurua kultura-paisaia baten adibide garbi-garbia da. Lehenik eta behin, mendiko larreak daude, abeltzaintzak izan duen eta oraindik duen garrantzi-aren adierazle. Belardietan zenbait mairu-baratze ikus daitezke.

Cromlechen ondoan saroiak egoten dira sarritan, eta Oieleku ingurua ez da salbuespena. Saroiak zilegimendietan larratzeko eskubideak ziren jatorriz, denborarekin jabetza bihurtu badira ere. Eguzkiz eguzkiko larratze ereduarekin lotuak daude eta, Erdi Aroaz geroztik, forma biribila dute. Bertan, zuhaitz lepatuak ikus daitezke. Su-egurra izateko eta, batez ere, burdinolen egur hornidura bermatzeko gizakiak eraldatutako zuhaitzak dira.