Orio. Orioko Udalak 2012 urteko aurrekontuak onartu zituen ostegun iluntzean eginiko osoko bilkuran. Bilduko bost zinegotzien eta Orain taldeko bien botoekin onartu zen 9,2 milioi euroko aurrekontua (iazkoa baino %12 gutxiago). EAJko bost zinegotziek aurka bozkatu zuten. Beñat Solaberrieta alkateak "krisi garaietara egokitutako" aurrekontua dela nabarmendu zuen. Zentzu horretan, Orioko Udalak "kalitatezko zerbitzuak bermatu" behar dituela azaldu zuen.

Aurrekontuen jaitsierak batez ere inbertsioei eragingo die (%35 gutxiago). Honela, joan den urtean 4,6 milioi bideratu baziren horretarako, aurtengoan 2,9 milioi euro erabiliko dira. Hala ere, hainbat inbertsio estrategiko burutuko dira. Honela, alde batetik, udal kanpina berritu eta "kalitatezkoa" sortzeko faseka burutuko da obra eta 2012an bungalowak jartzeko egokituko da, 245.000 euroko aurrekontuarekin. Bestalde, Motondo inguru naturala berreskuratzeko lanak egingo dituzte, Udalak 200.000 euro inguruko dirulaguntza jasoko baitu Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailetik.

Gainera, eragileekin bildu eta hilerriko beharrak aztertu ondoren, "neurrira egindako" egitasmoa bideratuko da bertan eta horretarako 410.000 euro erabiliko dituzte. Energia aurrezteko plana ere egingo dute 2012an, LED sistemaren aldeko apustua eginez (50.000 euro). Bestalde, kirol elkarteek 130.000 euro jasoko dituzte, iaz baino 25.000 gehiago eta Hezkuntza arloan, Zaragueta eskolan sei gela berri eraikiko dira eta Udalak (%40) eta Eusko Jaurlaritzak (%60) finantzatuko dituzte.

EAJko Jon Redondok beraien aurrekontuak ez direla nabarmendu zuen eta "inbertsio kopuruaren jaitsiera eta gastuen %7ko igoera" kritikatu zituen, "alderantziz egin beharko zelako". "Urtea gerakinaren (hamabi milioi euro) zati handi bat gabe amaitzeak ematen digu beldurra", gaineratu zuen. "Daukaguna zaindu eta optimizatu behar dugu", erantzun zuen Solaberrietak.