Goizetik festa eta ilusioarekin batera, beroa izan da nagusi Errenteriako kaleetan. Hala ere, eguzkiak ez dio aurtengo ikastolen festak azpimarratu nahi izan dituen ikurrei itzalik egin: komunitatea, auzolana, euskara eta ama guztien lan isila. Ardatz horiek hartu ditu bere hitzaldian Itziar Navarrok, Orereta ikastolako lehendakariak.

Egunari hasiera ematen dion ekitaldi instituzionalak aurten berrikuntza bat izan du: ibiltaria izan da. Errenteriako gune esanguratsuenak bisitatzeko eta Erriola, ibaiaren magalean eraikitzen diren faktoriak, lema zergatik aukeratu duten hobeto ulertzeko.

Lekuonako zubian erakundeetako ordezkariei ongietorria egin ondoren, Zumarditik eta Linotik pasa, eta Zamalbide gunean, Emakumeen Etxean amaitu da ekitaldia.

Ordubeteko ibilaldi honetan belaunaldi desberdinak osatutako ikastolako komunitateak parte hartu du. Ondorioz, jende asko ikusi da kalean goizeko lehenengo orduetatik. Beraiekin batera, Errenteriako kultur eragileak ere izan dira: Kukai dantza taldea, Errenteriako musika banda, Udal Txistulari Taldea, trikitilariak, dantzariak… Guztiek festa hasiera ikusgarria eskaini dute, bertaratu diren guztien gozamenerako. Ordu askoren lana atzean zegoela antzeman da lehenengo minututik.

Ekitaldi instituzionalaren hasieran, Navarro hunkitu egin da ikastolaren historia eta bere bizipenak, ama bezala ere, gogoratu dituenean.

Orereta ikastola1963an, Santa Klara kaleko Pioneko pentsu-tokiaren atzealdean eman zituen lehen pausoak. Zortzi ikasle hasi ziren bertan ikasten Arantza Idiazabal andereñoarekin. Gaur egun 1.460 ikasle dira, Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, gogora ekarri duen bezala.

Aizpea Otaegik, Errenteriako alkateak, ere egun garrantzitsua bizi izan du, gaur alkate bezala eta haurtzaroan Orereta ikastolan hamabost urte igaro zituelako. Hemen ikasitako baloreak gaur egun ere jarraitzen dituenak direla aipatu du. Otaegik Orereta ikastolak antolatutako lehenengo Kilometroak jaian, 1984an, hamar urte zituela parte harte zuela esan du.

Ibilaldia Lekuonako zubian hasi da Jon Maya dantzariak gidatutako kalejira batekin, Zumarditik eta Linotik pasa ondoren, Zamalbide gunean, Emakumeen Etxean, amaitu da ekitaldia. Bertan hartu dute hitza Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak; Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak; eta Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Guztiek esker hitzak izan dituzte urte guztian zehar lagun izan dituzten eragile, ikastola, instituzio eta enpresentzat. Baita komunitatea eta amatasuna izan dituzte hizpide.

Urte luzea eman du Orereta ikastolak Kilometroak antolatzen, auzolanean euskal kulturaren eragileekin. Ikastolak 60 urte betetzen dituen urte honetan, hamaika ekitaldi prestatu ditu azkeneko hilabeteetan, batzuk Euskal Herrira begira, beste batzuk herrira; eta gaur ospatu du bere egun handia, Kilometroak Eguna.

Kilometroen Lekukoa Artolari itzuli diote eta datozen astetan 2024ko urriaren 6an zein ikastolak antolatuko duen jaia jakitera emango dutela esan du.

Publikoaren artean ere jende ezaguna ikusi da, EAJ Gipuzko Buru Batzar Joseba Egibar edo EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea, Maddalen Iriarte, esaterako.

Hezkuntza lege berria

Artolak eta Bildarratzek Eusko Legebiltzarrean eztabaitzen ari den Hezkuntza Legeari buruz hitz egin dute. Azken fasean dago eta datozen astetan eztabaida guztiz publikoa izango da.

Artolak alderdi politiko guztiei eskatu die legea herri bezala ditugun erronketan oinarritzeko eta ez norberaren interesei erantzuteko. “Ausardiaz jokatzeko eskatzen dizuegu, asko dago jokoan eta ezin dugu une honetan ardatz izan behar duten gaietan zalantzarik adierazi”, aipatu du. “Ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi dugu”, laburbildu du. “Gure ustez Hezkuntza Lege berri honek euskara, euskal kultura eta euskal kurrikuluma izan behar ditu ardatz”, amaitu du.

Bere aldetik, Bildarratzek azpimarratu du: “Legeak zerbait nahi baldin badu, da gaur hemen kalean ikusten ari garena: hezkuntza komunitatea. Hezkuntza komunitatea da Lekuona zubian ikusi duguna, ikastola, Udala, umeak, gazteak, irakasleak, gurasoak eta euskal kultura”. “Nekanek esan duen bezala, datozen asteak oso inportanteak dira eta zorionekoak, hezkuntza plazan dagoelako eta behingoz hezkuntza ikuspegi baikor batetik ikusiko dugulako”, azaldu du.

Amaitzeko, sailburuak lege berriko hiru puntu azpimarratu ditu: jaiotze tasa bajuak baliabideak beste era batera erabiltzea eskatzen du kalitatea areagotzeko; hizkuntza, euskara eta bigarren hizkunza bat menderatzeko; eta aniztasuna, familiak orain anitzagoak direlako.