Errenteria izan zena, gaur egun dena eta etorkizunean izango dena. Horixe irudikatzen dute aukeratutako kokalekuek, non igande honetako egitarau mardula osatzen duten ekintzak egingo diren.

Lino: Lehendakari Agirre plaza

Herriko artisau eta sortzaileen gune bihurtuko da Lehendakari Agirre plazako Lino gunea. 10.00etatik 18.00etara artisau azoka eta eskulan tailerrak eskainiko dira bertan, baina baita beste hainbat jarduera ere: musika (Esti eta Mikel Markez, Gozategi, dj Bull), bertso saioak edo batukada, besteak beste. Gaur Lino zer den ulertzeko, ezinbestekoa da denboran atzera egitea, 1845. urtera hain zuzen, Errenteriako lehen fabrika modernoak ateak ireki zituenean: Sociedad de Tejidos Lino. “Fabrika handia” bezala ezagutzen zena, 500 langile zituen, gehienak emakumeak. Horietako bat izan zen Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” bertsolari ospetsua.

Esmalteria: Koldo Mitxelena plaza

Koldo Mitxelena plazan, esmalteak eta margoak izango dira berriro protagonista, grafiti eta arte plastikoen tailerren eskutik. Izan ere, bertan kokatu zen, 1925. urtetik 90. hamarkadara arte, Esmalteria Guipuzcoana lantegia. Hori dela eta, askok Esmalteria plaza deitzen diote oraindik. Gaur egun, Orereta Ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina dago bertan. 

Bihar ospatuko den Kilometroak Egunerako egitarau mardula prestatu dute. N.G.

Galletera: Gernika plaza

Gune indartsu eta bizia izango da Gernika plazaren ingurua, egun osoan zehar eskainiko dituen musika talde ezagun eta hasi berrien doinuei esker. Willis Drummond, Zilibito Records edo Dupla izango dira, besteak beste, oholtzara igoko direnak. Esangura handiko tokia da hura ere, izan ere, Gernika plazan kokatu baitzen Galletas Olibet fabrika. Galletak hain egin ziren famatu, errenteriarrek “galletero” ezizena hartu zutela. Inguru horretan ere koka-tzen da herrian martxan jarraitzen duen fabrika bakarra: Papresa paper-fabrika.

Errioa: ibaia baino askoz gehiago

Errioa da (ez ibaia) Errenteriaren nortasuna markatu duen elementu berezienetakoa. Bi urertz batzen ditu; zubiak sortzen ditu; faktorien kokaleku da eta izan da urteetan zehar, eta jardueren eta sormenaren hazi da. Bertan izango dute gozatzeko aukera haurrek, puzgarri, txirrindularitza pista eta pailazoekin, besteak beste. Tai Chi saio batekin hasiko da eguna errioaren energia hartuz, Goazenen kontzertuarekin agortzeraino.

Lau izango dira gune nagusiak: Lino, Esmalteria, Galletera eta Errioa.

Lau izango dira gune nagusiak: Lino, Esmalteria, Galletera eta Errioa. N.G.